'Irakurri, gozatu eta oparitu' egitasmoaren 10. edizioa prest

Anboto 2016ko mar. 29a, 15:00

Patxi Zubizarreta eta Karmele Jaio idazleek, Belen Garulo Arabako mendialdeko kuadrillako euskara teknikariak eta Manuel Moreno Euskaltzaleen Topagunearen ordezkariak parte hartu zuten egitasmoaren aurkezpenean.

Euskaltzaleen Topaguneak, hamargarren urtez, ipiniko du Irakurri, gozatu, oparitu egitasmoa martxan. Irakurzaletasuna bultzatzea da ekimenaren helburua, eta Euskal Herriko beste hainbat herritan bezala, Durangaldeko lau herritan burutuko dute: Atxondon, Mañarian, Otxandion eta Zaldibarren.

Apirilaren 1etik maiatzaren 31era bitartean, Euskal Herriko 50 herritan burutuko dute egitasmoa, euskaltzaleen elkarteen, liburutegi publikoen eta liburu denden elkarlanari esker.

Herritarrak euskarazko liburuak irakurtzera animatu gura dituzte, eta parte hartzen dutenei liburuak erosteko abantaila ekonomikoak eskainiko dizkiete, besteak beste. 

Kanpainaren izenak adierazten duen bezala, hiru pausu ematea proposatuko diete ekimenaren parte hartzaileei: liburutegi publikoan euskarazko liburu bat eskuratu eta irakurtzea; irakurritakoan, fitxa erraz bat betetzea; eta liburuzainak emandako erosketa txekeagaz (%35eko deskontuagaz) erosiriko liburua norbaiti oparitzea.

Aurreko edizioetan bezala, Irakurri, gozatu eta oparitu ekimenaren bueltan, literaturagaz loturiko bestelako jarduerak ere antolatu dituzte: solasaldiak idazleekin, liburu azokak, edo irakurketa musikatuak, esaterako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!