Manu Feijóo: “Bodegan porroiak baino ez zeuden sasoi batean; basorik ez zegoen ia”

Anboto 2016ko mar. 20a, 10:00

Bederatzi urte dira Iurretako Bodega hartu zuela. Bodegen izaerari eutsi diote, eta kristalezko porroiak eskatzen duenik ere bada oraindik.

Extremaduran jaioa zara, baina, ia durangarra...

Bai, hemengoa naiz gehiago. Lau urtegaz etorri nintzen.

Bodegan egiten duzu eguna. Nolako bezeroa da iurretarra?

Oso ona!  Oso ondo konpontzen naiz denekin, eta oso pozik nago. Durangotik ere asko etortzen dira.

Aurretik ibilia zara tabernan?

Durangoko Udaberrin, 14 urtegaz; hiruzpalau urtean.

Lan gogorra da?

Bai. Pazientzia behar da. Jendeagaz hartu-emana da onena. Txarrena? Denbora asko kentzen duela.  Baina, gustura!

Ez da Cabarceno, baina, fauna zabala batzen da Bodegan?

Denetarik dago! (barrez): gazte, nagusi, Iurretan erro sakonak dituena, ez dituena... askotariko jendea. Baina, denekin ondo moldatzen naiz, ez pentsa!

Hamaiketakoa egitera etortzeko ohitura dago...

Beti egon da hemen Bodega, eta, lehen baino gutxiago, baina etortzen dira batzuk arrautzak txorizo edo urdaiazpikoagaz jatera. 

Orduantxe duzu jenderik gehien tabernan?

Lehen bai. Ordu bata aldera batzen da jenderik gehien. Barikuan lehertzear egoten da taberna! 

Kristalezko porroiak ere badituzu bezeroentzat. 

Porroiak baino ez zeuden lehen. Orain daude gutxien. Entzuna dut, eta ikusia ere bai, lehen denek porroitik edaten zutela. Basorik ez zegoen ia. Askarirako ere bai.

Askaria ere egiten dute?

Taberna hartu genuenean, bai; 17:30-18:00etan egiten ziren. Orain ez dira hainbeste egiten, baina, etortzen da baten bat.

Eskatzen dute porroia, beraz? 

Bai. Baina, askok ja ez dagoela uste dute. Porroiak, atun pintxoa... dauden galdetzen dute. Bai noski! Antxoak, sardinak... bistara zeuden lehen, orain ez. 

Bodega izaerari eutsi diozue? 

Bai. Ez dugu ezer kendu, gehitzen joan gara. Horma zikinak kendu ditugu; bestelakoan berdin dago (barrez). Sardinak, txitxarroa, antxoak, atuna, hirugiharra. Unean ateratzen da.

Argazkiz beteta dituzue hormak. Nondik dator ideia?

Iketzak, Katak... lagunduta, herriko argazki zaharrak jarri genituen. Orain urtebete, mural bat jarri genuen. Ezer esaten ez digun New Yorkeko argazkia baino gurago  dugu. 

Sanmigeletakoak eta inauterietakoak ere jartzen dituzue. 

Geuk ateratzen ditugu, gero erakusteko. Denbora bat pasatuta kendu, eta bakoitzari berea ematen diogu. Atsegin dute; erakargarria ere bada. Telebistan ere eman ditugu  inoiz.

Bartzelona zalea zara. 

Futbola gustatzen zait, eta Barçak egiten du futbolik onena. Txikitatik naiz zalea, eta orain, irabazi egiten dutenez, jarraitu egin beharko (barrez). 

Euskaraz ikasten ari zara? 

Nahiko nuke, baina, ez dut astirik. Bezeroek erakusten didate. Ulertzen dut, eta justuan hitz egin. Gainditu gabeko irakasgaia da. Seme-alabei esan diet ez galtzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!