Batutako 44.000 euroetatik, nabarmentzekoa da herritar batek 6.000 euro eman dituela. Ez dute bere izenik eman, anonimotasunean gorde da. Ez ei da lehenengo aldia izan, Angel Longarte Herriako kideak azaldu duenez. Udalen eta Amankomunazgoaren artean 36.000 euro ipini dituzte, eta Iurretako Furesa enpresak 2.000 euro ere bai. 12.000 euro kamioia erosteko erabili dituzte, 6.000 botikak erosteko, eta gainerakoa jatekoa lortzeko erabili dute.
Elikagaiak batzeko kanpainan, hainbat ikastetxek eta komertziok parte hartu dute, Durangoko Herria eta Elorrioko Lajwad elkarteagaz batera. JAED elkarteak arropa bideratu du karabanara.
Bihar, zapatua, irtengo da euskal karabana Alacantera, eta itsasoz eramango dute materiala Aljeriaraino.
"Elkartasuna, bizirik"
Prentsaurrekoan, errefuxiatuen kanpamenduetako egoerak okerrera egin duela gogoratu dute, duela hile batzuk egondako uholdeen erruz. Horregatik, Aitziber Irigoras alkateak kanpainan parte hartu duten biztanle guztiei eskerrak eman dizkie: "Oraindik ere, solidaritatea bizirik dago". Gainera, Herria auzo elkartearen lana "ezinbestekoa" dela dio.