Humberto Jaio, Eider Uribe, Aritz Brabo eta Fran Garate zinegotzi durangarrak Saharara joango dira barikuan

Anboto 2016ko ots. 24a, 10:31

Durangoko Udalaren izenean egingo dute bisita, teknikari baten laguntzagaz. Alderdi guztiek adierazpen bat sinatu dute, zapatuan 40 urte betetzen direlako saharar errepublika demokratikoa aldarrikatu zenetik.

Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpamenduetara bisita egingo dute Durangoko lau zinegotzik: Humberto Jaiok (EAJ), Eider Uribek (EH Bildu), Aritz Brabok (EH Bildu) eta Fran Garatek (PP). Ikuspegi instituzionala izango du bidaiak: bertako ordezkariekin egon, urteurreneko ekitaldietan parte hartu, ospitalak ikusi... Martxoaren 1eko gauean bueltatuko dira Durangora.

Udaleko osoko bilkuran aho batez onartutako adierazpen instituzionala irakurri zuten. Alde batetik, iaz kanpamenduetan bizitako egoera latza gogoratu zuten: uholdeek 90.000 biztanleri eragin zieten, eta 25.000 etxe barik geratu ziren. Bestetik, saharar herriaren autodeterminazio eskubidea defendatu zuten, eta hainbat eskaera egin zizkieten Espainiar eta Marokoar Gobernuei. Espainiari, erantzukizuna onartu eta Fronte Polisarioa ordezkaritza diplomatiko lez kontuan hartzea eskatu zioten; Marokori, errepresioa eteteko eta desagertuen izaera onartzeko exijitu zioten. Bestalde, nazioarteko komunitateari konponbidea lortzeko saiakera egitea eskatu zioten, erreferenduma horretarako bide lez hartuta.

Errefuxiatuen alde, Bilbora
Bestalde, Europara etorri diren errefuxiatuen aldeko mozioa ere onartu zuen udalbatzak, EH Bildu eta Heriaren Eskubideak sustatuta eta PSE-EEren babesagaz -EAJ eta PP abstenitu egin ziren-. Datorren zapaturako, hilaren 27rako, errefuxiatuen aldeko martxak daude deituta hainbat hiritan, eta Durangoko Udalak Bilboko mobilizazioagaz bat egin du. 12:00etan izango da, Arriaga plazan. Errefuxiatuentzako pasabideak sortzeko eskaera egingo dute martxa horietan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!