Gure Esku Dago dinamika indarrean dagoen eskualdeko hainbat herriren artean Durangaldeko Gure Esku Dago egitura sortu dute eta atzo egin zuten lehen ekitaldia Durangoko Plateruenean.
Goierri eskualdean eta Diman herri galdeketak egingo dituzte ekainean eta hori gauzatzeko lanean dabiltzan ordezkari banak esperientzia eta lanketa horren nondik norakoak azaldu zituzten. Ostean, Durangaldeko Gure Esku Dagoko kideek ere 2018a baino lehen eskualde mailako herri galdeketa bat egitea “ez dutela baztertzen” adierazi zuten: “Beti ere herri bakoitzeko baldintzak zeintzuk diren eta zer indar dagoen ikusita. Baina bokazio horrekin sortu ginen, herritarrei gure herriko etorkizunari buruz galdetzeko bokazioarekin”. Goierriko ordezkariak ere bide hori egitera animatu zituen Plateruenean batu zirenak: “Olatua badator eta aprobetxatu beharra dago. Animatuta eta ilusioz gaude. Zuek ere 2017an galdeketa egitera animatu nahi zaituztet. Lan neketsua, baina oso aberasgarria da”.
Elorrioko Gure Esku dagok asteon iragarri du 2017an herri galdeketa egitea aurreikusita duela.
Gure Esku Dagoko zuzendaritza batzordeko kidea den Zelai Nikolasek ere parte hartu zuen ekitaldian. Aurrera begirako ekintza plana azaldu zuen eta Eskura prozesuaren ostean Gure Esku Dagok hartutako egitura berriari buruz jardun zuen. Azkenik, GED-eko bazkide izateko aukerak azaldu zituzten. Bazkide izateko dirua ez dela oztopo azaldu zuten, gura duena urtean euro baten truke bazkide izan daitekeela.
Goierri eskualdeko ordezkaria azalpenak ematen
Dimako ordezkaria azalpenak ematen:
Zelai Nikolas azalpenak ematen:
Atzoko ekitaldiko irudia: