Narbaiza eta Lanbarri Euskadiko txapeldun atletismoan

Anboto 2016ko ots. 15a, 17:00

Nora Narbaiza erdian urrezko dominarekin.

Pista estaliko Euskadiko txapelketan urrezko dominak jantzi zituzten Nora Narbaiza zaldibartarrak eta Eneko Lanbarri durangarrak.

Zapatuan, pista estaliko Euskadiko atletismo txapelketa jokatu zuten kadete, gazte eta junior mailetan Donostiako belodromoan. Nora Narbaiza zaldibartarrak (Durangaldea Running) eta Eneko Lanbarri durangarrak (Durango Kirol Taldea) urrezko domina bana irabazi zuten juniorretan.

Nora Narbaizak 800 metroetako proban jantzi zuen urrezko domina. Taktikoki lasterketa bikaina burutu zuen. Hasieran eutsi eta azken 300 metrotan burua hartu zuen, 2.28.90-eko markagaz amaitzeko.

Eneko Lanbarrik 200 metroko finala irabazi zuen (23.08) eta hori gutxi balitz, 400 metrotan brontzea jantzi zuen (51.0). Batean zein bestean, bere denbora Espainiako txapelketara sailkatzeko gutxiengoaren barruan dago. Espainiako txapelketa Sabadellen (Katalunia) jokatuko da martxoan.

Zilarrezko dominak Ander Hilera durangarrak (Durangalde Running), Joseba Ogiza elorriarrak (DKT) eta Jone Ercilla durangarrak (DKT) eskuratu zituzten junior edo gazte mailetan. Hilera 1.500 metrotan aritu zen. Erritmo gogorra jarri zuen lasterketan eta gertu izan zuen urrea, baina azken txanpan Adrian Pajares gipuzkoarrak gainditu zuen. Edozelan ere, Hilerak bere marka pertsonal berria ezarri zuen: 4.22.6. Ogizak domina bi irabazi zituen: zilarra salto hirukoitzean (11.95 metro) eta brontzea 6 kiloko pisu jaurtiketan: 10.97 metro. Ercillak gazte mailako 400 metrotan bere denbora pertsonalik onena ezarri zuen: 1.02.3. Oro har, DKT-k txapelketara eramandako hamasei atletetatik hamalauk marka propioa hobetu zuten.

Durangaldekoak ez izanagatik eskualdeko taldeetan dabiltzan hainbat atleta ere nabarmendu ziren. DKT taldeko Ainara Mugartegi podiumeko koskarik gorenera igo zen 600 metrotan eta kadete mailan, nahiz eta lesio batetik erabat osatu barik parte hartu zuen. Durangoko taldeagaz dabil, baina markinarra da. Honek ere Espainiakoan parte hartzeko gutxiengo marka lortu zuen: 1.41.56. Portugaleten bizi den eta Bidezabal Atletismo Taldeagaz dabilen Ainhoa Idoiagak, aldiz, zilarra eskuratu zuen juniorretako 400 metroetan.

Azpimarratzeko da DKT taldeko Abdelmoumen El Arbaoui-ren kasua ere. Pistan lehiatzen zuen lehenengo aldian 800 metrotako proba irabazi zuen juniorretan. Ez zuen dominarik jantzi Durangon bizi den arren marokoarra delako.

 

Eneko Lanbarri podiumera igotzeko prest erdian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!