Zer diote Anbotoren Lagunek?

Anboto 2016ko ots. 15a, 10:30

 

"Txartela erabiltzeko aukerarik ote dudan begiratzen dut"

MAITE AREITIOURTENA - ABADIÑO

‘Anbotoren lagun’ izendatzen duen txartela erabiltzen hasi da Maite Areitioaurtena, eta opari bat ere jaso berri du zozketan.

Zergatik egin zinen ‘Anbotoren lagun’?
Gertutik ezagutzen dut proiektu horren atzean dagoen esfortzua, inplikazioa…  Eta, nolabait laguntzeko beharra sentitzen nuen.

Forum Sporteko pultsometroa tokatu zaizu zozketan. Txartela sarri erabiltzen duzu?
Ez da denbora asko txartela jaso nuela, baina zerbait erosi aurretik, begiratzen dut ea txartela erabiltzeko aukerarik ote dudan.

Zer iruditzen zaizu ANBOTOk txartelagaz egiten duen eskaintza?
Aukera zabala dago, eta esango nuke horrek erraztu egiten duela txartela erabiltzea.

Astero irakurtzen al duzu ANBOTO?
Barikuetan, lanetik etxera bueltan, ANBOTO postontzian hartu eta berau irakurriz bazkaltzea gustatzen zait. Webgunean ere begiratzen dut, noizbehinka.

 

"Gaur egun ere beharrezko ikusten dut ANBOTO"

IGONE IKOBALTZETA - MAÑARIA

Durangaldeko hedabidea euskarari bultzada emateko tresna lez ikusten duelako babesten du.

Hasieratik zara proiektuaren jarraitzaile.
‘Eraz’ izan zen Durangaldeko euskarazko lehen hedabidea, eta harekin bezala, ANBOTOgaz  irakurtzen ditugu berriak euskaraz. ‘Eraz’-en sasoian eskertu nuen, eta gaur egun ere beharrezko ikusten dut, euskarari bultzada emateko. Nire inguruan, nigandik hasita, euskaraz hitz egin arren, irakurtzeko zaletasuna ez da egon horren errotuta. ANBOTOk behartu egin gaitu euskaraz irakurtzera.

Txartela erabiltzen hasi zara?
Orain dela hilabete bat jaso nuen, eta momentuz ez dut eduki beharrizanik. Hala ere, aldean eramaten dut, eta aukera sortuz gero erabiliko dut.  

Zelan irakurtzen duzu ANBOTO?
Barikuetan, jaso bezain laster, gauean lasai-lasai gaudenean irakurtzen dut. Herririk herri gertatzen denaren berri izatea gustatzen zait, eta baita elkarrizketak ere. Azkenengo orriko elkarrizketa dut gogokoen. Buelta eman eta beti egoten da sorpresaren bat.

 

"Ondo iruditzen zait txartelagaz abantailak ematea"

JURGI BARREÑA - DURANGO

Kanpainan eskaintzen diren abantailak zalantzan dagoenarentzat bultzada lez ikusten ditu Barreñak. ANBOTO Interneten eta paperean jarraitzen du.

Zergatik hartu duzu ANBOTO babesteko kanpainan parte hartzeko erabakia?
Beharrezkoa ikusten dudalako kalitatezko euskarazko toki komunikabide profesional bat izatea Durangaldean.

Zelan baloratzen duzu txartelagaz egiten den eskaintza?
Ondo iruditzen zait kideentzako txartelagaz abantailak eskaintzea. Anbotoren lagun izateko zalantzan dagoenarentzat, falta zaion bultzada izan daitekeela uste dut.

ANBOTO astero irakurtzen duzu? Eta webgunera sartzen al zara?
Bai. Webgunean sarri begiratzen dut, albisteak unean  bertan ezagutzeko, eta asteburuetan ANBOTO patxada gehiagorekin irakurtzeko ohitura daukat. “Herririk herri” iruditzen zait denetan atalik interesgarriena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!