Urtebete egin berri dute Kromobil enpresakoek, eta beraiek dira Berrizko futbol taldearen kromoen arduradunak. Jokalari bakoitzak bere kromoa dauka, bai lehenengo taldekoek, bai gaztetxoek. Urtarrilean argitaratu zuten Berrizko bilduma, eta talde osoa atera nahi zuten bertan: “Jokalariek bakarkako eta talde osoaren kromoak dituzte, eta entrenatzaileek gerritik gorako arkazki bakarra” adierazi dute.
Amorebieta izan zen kromoen moda probatzen lehenengo taldea Durangaldean. “Urteetan beraien taldeetako jokalarien bilduma egin ondoren, ilusio handia egiten die txikitxoei beraiek izatea kromoetako gazteak”, dio Amorebieta futbol taldeko Saioa Larrinagak.
Abadiñon, albuma oparitu egiten diete umeei, hauek gero bilduma osoa egin dezaten. Abadiñoko futbol taldean, sei kromo eskuratzeko aukera dago euro baten truke.
Badira kromo bilduma ateratzeko interesa daukaten beste talde batzuk ere. Zalduaren kasuan, begi onez ikusten dute datorren denboraldietan kromo bilduma bat argitaratzea: “Herriko neska-mutilentzat bilduma egitea polita da klubeko pertsonak ezagutarazteko”. Bestalde, beste kiroletara ere zabaldu nahi dute zaldibartarrek ekimen hau: “Pilotan ere ateratzeko intentzioa daukagu”, dio Zaldua futbol taldeko direktibako Roberto Terrobak.