Iurretakoko zuzendaritzak gauza asko leporatzen dizkizuete. Zer duzu esateko?
Argitaratu zuten ohar horri ez diot ezer erantzun gura. Bakoitza libre da nahi duena esateko. Dokumentazio hori guztia egon behar duenaren eskuetan dago dagoeneko. Hortik aurrera, nik ez dut adierazpen gehiagorik egingo.
Baina futbol eskolan hasten ziren umeen gurasoei Iurretakoko egituran sartzea bermatuko zitzaiela esaten zenieten? Hori da akusazioetako bat.
Ez, inondik inora. Bere sasoian, Iurretakoko kide birekin egindako batzar batean, idea bikaina iruditzen zitzaien futbol eskolarena. “Beharbada, egunen batean, hortik hornitu gaitezke”, zioten. Baina nik beti esan diet gurasoei Gertasport Iurretakoz aparte dagoen klub bat dela.
Jokalariek zer diote?
Ez dute ulertzen gertatu dena. Jada Iurretakotik kanpora nengoela, Lekeition jokatu zuten partidura joan nintzen. Nik joan gura nuen, eta eurek ere nahi zuten ni joatea. Ezabatu eta ahaztu ezingo ditudan une ederrak igaro genituen. Hurrengo partiduan, etxean, gurekin zeudela adierazten zuen kamiseta bat eskaini ziguten — Mikel Arangureni eta bioi— .
Hamabi urte eman dituzu klub berari lotuta. Ez da askotan ikusten den zerbait.
Ez da, ez, ohikoa. Nire asmoa Iurretakon erretiratzea zela esan izan dut beti. Hori zen nire nahia. Zergatik? 2004an Rafa Zugaza-Artazak —orduko presidentea— gazteen taldearen kargu egitea proposatu zidan. Beste guztiaren gainetik, Rafak esan zidana da konbentzitu ninduena. Barne-barnean sartu zitzaidan. Iurretako nire bizitzako parte sentitzen dut. Gure aldageletan egon den edonork daki diru asko gastatu dudala gure lehen taldeari ezer falta ez dakion. Entrenamendurako lehen kirol arropak nik erosi nituen, eta oraindik erabiltzen dituzte. Adibide gehiago daude. Zergatik? Iurretako nire pasioa eta ilusioa delako, eta etxean aurkitu naizelako. Goragoko mailetako eskaintzak izan ditut, baina ez dut joan nahi izan.
2004-05ean gazte mailako taldeagaz Ohorezko Mailara igo zineten. Imajinatzen dut taldean zebiltzan jokalari asko bidelagun izango zenituela ondoren, lehen taldean.
Gazteetan zebiltzan zazpi jokalari lehen taldera igaro ziren hurrengo denboraldian, nirekin batera. Gomuta oso onak ditut, talde ederra osatu genuen. Urtebete geroago, nagusiekin bigarren erregionaletik lehenengora igo ginen.
Ostean, beste igoera bi lortu zenituzten, nagusien Ohorezko Mailara heldu arte.
Lehenengo sailkatu moduan lortu ditugu igoera denak. Lehenengo Erregionaletik Maila Gorenera igo ginen urtean, puntuen errekorra lortu genuen: 84 puntu. Ez genuen partidurik galdu. Golik gehien sartu, eta gutxien jaso genituen taldea izan ginen. Lau urte generamatzan igo guran; gehien kostatu zaigun igoera izan zen. Hurrengo denboraldian, Ohorezko Mailara igo ginen. Familia handi bat izan garelako lortu ditugu lorpen horiek.
Zeintzuk dira beheko mailetako entrenatzaileen zailtasun nagusiak?
Maila hauetan, eragozpen nagusietako bat bitarteko falta izaten da, baina nik izan ditut bitartekoak. Klubean sartu nintzenetik ahal izan diren bitarteko denak izan ditut. Ezin zena nire soldatatik ordaintzen nuen. Zergatik? Lehen mailan moduan entrenatu genezan nahi nuelako. Orduko zuzendaritzaren bidez, gimnasio baterako modulua egin zen; makinak ekarri genituen. Denon artean gimnasio bat egin genuen. Jokalarien inplikazio falta izaten da beste arazoetako bat, baina nik izan dut haien inplikazioa.
Zelan begiratzen diozu etorkizunari?
Lasaitasunez, eta etor litekeenari atea zabalik. Futbol eskolagaz jarraitzea da asmoa. Entrenatzeko eskaintza heltzen dela? Aztertuko dut.
Gertatu den guztiak ateak itxi ahal dizkizula uste duzu?
Hau guztia kirolez kanpoko kontu bat da. 12 urtez Iurretakon egin dudan entrenatzaile lanagaz ez du zerikusirik. Beraz, kirol arlotik ez dut beldurrik. Bestela, beldurrik eman ez, baina gehien amorratzen nauena da norbaitek esan dezakeela “Banekin nik, tipo hau…”. Baina, lasai nago, ezagutzen nautenek badakite nolakoa naizen. Begira, sekula ez du jaso azken 15 egunetan besteko telefono dei eta whatsapp mezu: askotariko klubenak, jokalarienak, zuzendarienak, entrenatzaileenak… Euren babesa eskaini didate denek.
Bada David Movillarekin —Barakaldoko entrenatzailea— alderatzen zaituenik, futbola bizi duzuen pasioagatik.
Bai, seguruenik, futbola pasioz bizi dugun entrenatzaileak gara, ordu asko sartzekoak. Horrela bizi behar da gustuko duzuna. Iurretakora heldu nintzenean, gogoan dut, zapatuetan goizean irten, eta gauera arte ez nintzela etxeratzen. Egun osoa partiduak ikusten ematen nuen. Batetik bestera joaten nintzen, han eta hemen mokadutxoak janda. Mendilibarrek Eibarregaz Astolan egiten zituen entrenamenduak ikusi izan ditut: pepita paketea hartu, eta hantxe ematen nuen eguna. Lezaman, Valverde, Caparros, Heynckes, Clemente, entrenatzen ikusi ditut; Zubietan Jagoba Arrasategaz egon izan naiz…
Iurretakoko zaleei zer mezu helerazi nahi diezu?
Jokalariak babesten jarraitu dezatela. Iurretako sentimendu bat izan da, eta da. Horrek egin gaitu desberdin, balio erantsia eman digu, eta horrek horrela izaten jarraitu dezan saiatzeko eskatzen diet.
Iurretakoren izena "etekina ateratzeko" erabili duteGertasport Jon Gurutz Vazquezen eta Mikel Arangurenen kluba da. Aranguren Iurretakoko jokalaria izan da urte askoan, eta zuzendaritzak taldetik baztertu du. Gertasportek, besteak beste, futbol eskola kudeatzen du Iurretakogaz duen ahozko adostasun baten bidez, eta, herriko klub bat diren heinean, udaleko azpiegiturak erabiltzen dituzte horretarako: Larrakozelaia, kasu honetan. Izan ere, eskolan parte hartzen dutenak “engainatu” egiten dituzte “Iurretakori lotutako futbol eskola dela esanez, eta parte-hartzaileek klubean jarraitzea segurtatuta” dutela adieraziz. Horregatik, Iurretakok futbol eskolako diru sarreren zati proportzional bat jaso beharko lukeela uste dute. |