Joxe Rojas: "Ni bezalako teknopatok momentu gozoa bizi dugu"

Anboto 2016ko urt. 17a, 10:00
Aizu! aldizkarian, Bilbo Hiria irratian eta Euskadi Irratian kolaborazioak egiten ditu teknologia ardatz hartuta

Tokikom, euskarazko tokiko hedabideak batzen dituen elkartean lan egiten du bere burua teknopatatzat duen txiolari amorratu honek. Joxe Rojasek (Etxebarri, 1971) Berbarok antolatutuako ‘#365’ mikroipuin lehiaketa irabazi du azken bi urteetan.

Txiolari itzela zara...  
Bai (barrez). Sarri ibiltzen naiz Twiterren.

Badakizu zenbat jarraitzaile dituzun?
Orain, 2.418. Zenbat eta gauza arin eta txorakeria gehiago jarri, orduan eta jarraitzaile gehiago dituzula uste dut. Txokareria asko jartzekoa naizenez (barrez)...

‘# 365’ lehiaketa irabazi duzu urte bitan. Trilogiaren bigarrena ere kaleratu duzu?
Bai! deskargatzeko moduan dago teknopata.eus blogean. Aurrenekoaren hitzaurrea Ana Malagon idazle donostiarrak egin zidan; Lasai, ez da ezer gertatzen mikroipuinez osatutako liburua kaleratu berri zuen. ANBOTOko zuzendari Jone Guenetxeak egin dit azkenengoarena.

Nolakoa da euskarazko tokiko hedabideen etorkizuna?
Halako inertzia batean bizi izan da mundu txiki hau, eta gauzak aldatzeko jarrera aktibo bat ikusi dut azken lau-bost urteetan. Aukera onak ditugu —tokiko informazioa, gertutasuna, maniobra edo bizkortasun aukera handiagoa...—. Hala ere, galdera ikur handi bat ikusten dut: mugikorrak, internet... horrek dirudi etorkizuna, baina, inork ez du aurkitu etekina ateratzeko formula.

Egokitzea falta zaigu?
Teknikoki moldatzen ari gara, presentzia bat badago. Baina, bai guri bai hedabide handiei etekin minino bat ateratzea falta zaigu. Teknologia da etorkizuna, denok dugu gailu bat poltsikoan, eta jendearengana heltzeko era errazena da, baina, horrek kostu bat du.

Teknologiak jango gaitu?
Uzten badiogu bai! (barrez). Oso tekno zalea izan naiz ni txikitatik; amagaz sekulako gerrak izan nituen kalkulagailua erosteko! Baina, azken urteetan, gero eta kezka handiagoagaz bizi dut; batez ere, kontrolari dagokionez. Internetek gauza on asko ekarri ditu, baina kontrol handia ere bai. Jan ez gaitzan zertan ari garen jabetu behar dugu, arduratsu jokatu.

Beldur apur bat ematen du...
Bai egia da. Ohitzen joan gara, kreditu txartelagaz lez: duela hamar urte erreparo itzela ematen zidan erabiltzea, eta, orain, normaltasun osoz egiten dut. Berdin mugikorrekin. Egia da abantailak ikusten dizkiodala, gauzak asko erraztu dizkigu teknologiak. Kontran, gero eta gehiago lausotu du lan eta aisialdi denboraren arteko muga. Beldurra ez, baina, errezeloa ematen dit, eta ardura apur bategaz jokatzeko gero eta behar handiagoa dut.

Teknopatatzat duzu burua...
Bai, eta adinagaz larritu egin delakoan nago (barrez). Oso zaletua izan naiz beti; asko liluratu naute tramankulutxoek, robotek... ni bezalako teknopatok momentu gozoa bizi dugu: aukera piloa dago, oso erraz dugu oraindik hona heldu ez den tramankulua Japonian erostea, teknologia asko merketu da...

Teknologiaren frikia zara...
Bai, bai.. bertsozaleak, futbozaleak... dauden moduan.

Mugikorrik gabe irtengo zinateke etxetik?
Bai. Aisiarako denbora hartzean ahalegin kontzientea egiten dut tramakulurik ez eroateko, edo interneta kentzeko.

Nolakoa da euskararen presentzia sarean?
Komunitate txikia gara, baina, zarata egiten dugu. Presentzia duina du euskarak. Teknologia kontsumitzaile handiak gara, baina, teknologikoki ekarpen propioak egitea falta zaigu; ez dakit aukerarik dugun ere. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!