Durangaldeko idazleen lanaren bueltan, Hitzez eta Ahotsez

Anboto

Durangaldeko Hitzez eta Ahotsez ekimenaren hirugarren edizioari ekingo diote, urtarrilaren 21ean, 19:00etan, Durangoko Arte eta Historia Museoan. Argitaratu ez dituen testuen inguruan ardaztuko du Amurizak Bakarrizketa-Elkarrizketa; Mundua-Euskal Herria; Gu-Ni izenburuko saioa.

Literaturaren inguruko ekimen honen aurreko bi aldietan, Joseba Sarrionandiaren literatur lana eta itsasoa gaiaren inguruko euskal idazleen obra hartu zituzten gaitzat. Hirugarren edizio hau, Durangaldeko gaur egungo idazleen zein klasikoen inguruan ardaztuko dute.

Xabier Amurizaren berbaldiak zabalduko duen literaturzaleen ekimenaren otsaileko eta martxoko hitzorduak ere aurreratu dituzte ekintzaren bultzatzaileek, asteon. Azaldu dutenez, bi hilabete horietan burutuko dituzte, Durangoko Bibliotekan, Durangaldeko idazleen obraren inguruko tertulia dialogikoak.

Aurreko bi urteetan bezala, irakurraldi zabal bategaz emango diote aurtengo Hitzez eta Ahotsez ekimenari amaiera: apirilaren 22an, Plateruenean. Irakurraldi horretan parte hartu gura duten guztiek, hitzezetaahotsez@gmail.com helbidean eman dezakete izena parte hartu ahal izateko. Bi minutuko tartea izango du parte-hartzaile bakoitzak, egokituriko testua jendaurrean irakurtzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!