Ander Hilera durangarra podiumera igo da Zornotzako krosean

Anboto 2016ko urt. 11a, 15:04
Ander Hilera Zornotzako krosean (Argazkia: Durangaldea Running)

Junior mailan hirugarren sailkatu zen atzo Jauregibarriako landetan lehiatutako proban.

Zornotzako kros prestigiotsuan podiumera igotzea lortu zuen Durangaldeko korrikalari bakarra izan zen Ander Hilera (Durangaldea Running). Lasterketa burutsua osatu zuen. Bere indarrak ondo neurtu zituen proban zehar eta azken kilometro bikaina burutu zuen. Maila berean, Xabier Iturbe zornotzarra seigarren sailkatu zen. Nesken juniorretan Bidezabal izan zen eskualdeko talderik indartsuena Nerea Costa (5.), Garazi Lekunberri (8.) eta Ines Pinagaren (10.) lanari esker.

Gazte mailan, azpimarratzeko lana egin zuen June Arbeo (Durangalde Running) iurretarrak nesketan. Hile bian lesionatuta egon ostean bosgarren sailkatu zen bere berragerpenean. Aitana Merino, Uxue Zuazua eta Olaia Lekunberri (Hirurak Bidezabalekoak) eta Araitz Villak ere aurreneko hamarretan sartzea lortu zuten. Maila berean eta mutiletan, Durangaldeko hiru korrikalari aurreneko hamarren artean sailkatu ziren: Zornotza kirol  klubeko Aitor Artaraz seigarren eta Jokin Totorika zortzigarren, eta, Mugarra Triatloi Taldeko Paul Bereziartua hamargarren.

Gizonen elite mailan lehia estua mantendu zuten Oier Ariznabarreta (Durango Kirol Taldea) eta Dabid Garcia durangarrek (Durangaldea Running). Bata bestearen atzetik helmugaratu ziren: Ariznabarreta 25. eta Garcia 26 tokian. Bien artean zazpi segundoko aldea besterik ez zen izan. Horrela, Ariznabarretak korseko lehenengo bizkaitarra izatea lortu zuen. Emakumeetan Mugarra Triatloi Taldeko Irene Loizate izan zen eskualdeko onena, 24. postuan. Elite mailako probak Ayeko Thomas ugandarrak eta Mercy Cherono keniarrak irabazi zituzten.

Mailarik gazteenetan Bidezabaleko korrikalariak nabarmendu ziren: Nesken kimu mailan bigarren sailkatu zen Ane Hernández; kadeteetan, 9. Naroa Bahabon eta haur-kategorian, 6. eta 10. Andrea Hernández eta Irene Costa.

Domeka honetan banakako eta kluben arteko Bizkaiko Kros Txapelketa lehiatuko dute Berrizen.

 

Ander Hilera podiumean, eskumaldean:

 

 

Oier Ariznabarreta Zornotzako krosean (Argazkia: Amaia Larruzea):

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!