Andoni Mesa: "Diru gehiago bideratu beharko litzateke, bai ikerketara bai gaixo eta familiei laguntzera"

Anboto 2015ko abe. 18a, 12:01

Haurren minbiziari aurre egiteko maratoi solidarioa antolatu dute Zaldibarren, zapatuan, abenduaren 19an. Ahalik eta diru gehien batzea dute erronka; La Cuadri del Hospi elkartera bideratuko da diru hori.

Dena prest biharko Tsunami Laranjarako? Zein da erronka?
Gurutzetako erietxean haurren minbiziari aurre egiteko garatzen dabiltzan egitasmoari laguntzeko ahalik eta diru gehien batzea da erronka. Opari piloagaz tonbola solidarioa egingo da, eta jende asko etortzea espero dugu, zaldibartarrak ez eze inguruko herrietakoak ere bai. Lortutako diru guztia La cuadri del Hospi elkarteari emango zaio.

Erantzun ona espero duzue?
Bai, erantzun ona izango duelakoan gaude. Herriko jendea asko inplikatu da, gaian sartu da. Salgai jarritako hainbat kamiseta erosi dituzte, eta hor dago 2016rako kaleratutako egutegia ere bai. Egitarau txukuna osatu dugu, eta tonbolarako lortutako opariak itzelak dira! Ez genuen espero horrenbeste gauza ematea: Athletic eta Eibarko jokalarien kamisetak, jostailuak, afari bi, tatuaje bat, musika CDak, bizikleta... gauza piloa. Karpa jarriko dugu udaletxeko plazan. Futbol partidak futbol zelaian jokatuko dira, eta saskibaloi partida, kiroldegian; Gimnasia erritmikoa, frontoian.

Maiatz bueltan sortu zen ekimea. Nola izan zen?
Zoro-zoroan, berbetan ari ginela. Helburu solidario bategaz suhiltzaileen egutegiaren antzerako zerbait egin genezakeela pentsatu genuen, gaixotasun arraroen ikerketarako-edo. Azkenean, haurren minbiziaren kontrako ikerketari laguntzea erabaki genuen. Lehenengo, minbizia zuen Ekaitz durangarraren izekogaz jarri ginen harremanetan, eta Susana amagaz gero. Durangon egindako lehenengo marea laranjan ezagutu genuen elkar. Zaldibarko lagun eta merkatari batzuk egutegi solidarioa kaleratzeko asmoaz aritu ginen; salmentagaz ateratako dirua minbizia duten haurrei laguntzeko bideratuko zela. Ostean, berotu, eta zerbait handiagoa egitera ere animatu ginen.

Nola saldu da egutegia?
Nahiko ondo. Durangoko Azokan gehiago saltzea espero genuen, baina hainbeste gauza daude... Hala ere, Zaldibarren eta inguruetan saltzen ari da. Oraindik, urtea bukatu arte, eta zapatuan bertan, salduko delakoan gaude. Bost euroan saltzen dugu, eta lan guztia geuk egin dugu: diseinua,  argazkiak...

Ekimenak jarraipena izango du datozen urteetan?
Ritxi Perez eta ni neu saiatuko gara urtero egiten: egutegia eta maratoia. Hobeto edo txarrago, diru gehiago edo gutxiago lortuta... ahal dena egingo dugu. Zaldibarrerako ere gauza polita da.

Hezur-muina ematearen garrantziaz kontzientziatzea ere bada helburua.
Bai. Odola ateratzea baino ez da, eta, inorekin bateragarri izanda, hezur-muina emateko momentua helduz gero, oso erraza da prozesua: ez da batere mingarria. Izan daiteke inoiz ez deitzea, baina, zenbat eta emaile gehiago izan, orduan eta hobeto. Ni ere emailea naiz. Bihar, hezur-muina eman, eta transplantatzearen eta guraso hematopoietikoen inguruko informazioa ere emango da.

Emaile legez, zer duzu esateko.
Guztiok animatu nahi zaituztet emaile egitera. Ez duzu ezer galtzen, guztiz kontrakoa, biziak salba zenitzake. Oso erraza da, baina, askok ez du informazioarik, bildurra dago.

Kosta egiten zaigu minbiziaz normaltasunez berba egitea...
Askori bai. Baina, hor dago, eta zeozer egiterik badago, saiatu egin behar da; batez ere, umeekin, eurak dira-eta etorkizuna. Minbiziaz berba egiteko beldurra kendu behar dugu; argi esan umea gaixorik dagoela, Ekaitzen amak, Susanak, esan moduan.

Baliabide faltak zuzenean eragin du minbiziaren ikerketan.
Hala da. Diru gehiago bideratu beharko litzateke instituzioetatik, bai ikerketarako bai familia eta gaixoari laguntzeko. Ume askok denbora luzea egin behar dute ospitalean, eta egonaldi hori ahalik eta atseginena izan dezaten lagundu beharko litzateke

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!