Euskarak 365 Egun

400 ipuin laburretatik hiru onenak saritu dituzte Plateruenean

Anboto 2015ko abe. 17a, 10:22

Goian epaimahaikideak (ezkerretik eskumara): Arkaitz Callado, Irati Eguren eta Lehior Elorriaga. Behean irabazleak: Jon Ander Urkiaga, Joxe Rojas eta Ander Azpitarte

Joxe Rojas, Jon Ander Urkiaga eta Ander Azpitarte izan dira hiru mailetako irabazleak.

Berbaro Taldeak antolatu duen Ipuin Laburren II. Lehiaketako sari banaketa ekitaldia egin zuten atzo Plateruena Kafe Antzokian. Ixone Aromak irakurritako testuak eman zion hasiera ekitaldiari. Ondoren, sari banaketako aurkezle Nerea Unzaluk guztira 400 ipuin labur inguru jaso direla azaldu zuen: “Aurkeztutako ipuin laburrekin hainbat ipuin luze aurkeztu ahalko geunkez”.

Durangaldeko hiru sortzailek osatu dute aurtengo epaimahaia: Irati Eguren ilustratzaileak, Arkaitz Callado musikariak eta Lehior Elorriaga argazkilariak. Hirurek lan bikoitza izan dute. Bakoitzak maila bateko irabazlea aukeratu du eta ipuin labur irabazlea abiapuntu hartuta sormen lan bat egin du, irabazleari sari moduan emateko.

Irati Egurenek aukeratu du twitter bidezko ipuin labur onena. Bat aukeratzea “gatxa” izan zela onartu zuen. “Umoreari garrantzia” eman diola onartu zuen eta umorezko bat aukeratu du. Honela dio ipuin labur irabazleak: “Gira bihotzak!” idatzi zuen optimistenak. Eta oraindik ez dakite dislexikoa ala xiberutarra den. Joxe Rojasena da ipuina eta iaz ere berak irabazi zuen twitter bidezko ipuinik onenaren saria. Irati Egurenek ilustrazioa egin zuen ipuina abiapuntu hartuta.

17 urtetik gorako Durangaldeko ipuin laburrik onena hautatzea Arkaitz Callado ‘Itsua’-ren ardura izan da. Azken erabakia hartzea “asko kostatu” zitzaiola onartu zuen. Hauxe da irabazlea: Arima zenbatean saltzen duzun jakin nahiko nuke; ez erosi nahi dudalako, ezpada nirea merkeago saltzeko. Jon Ander Urkiaga zornotzarrak jaso zuen saria. Calladok beren beregi ipuin labur hori oinarri hartuta sortutako abestia entzun ostean —Paddi Rekalderen ahotsagaz— Urkiagak berba batzuk esan zituen. “Mikroherri bat da gurea”, esanez hasi zuen hitzaldia: “Eta, jakina, Nobel saridunik ez, mikroipuinekin poz-pozik bizi den hizkuntza batentzat”. Baina badugu abantaila bat: “Makroilusioa da gurea, kiloka ere pisatu ezin den bizinahia eta horren adibide da Berbaro Taldeko mikrokosmosa”.

Hirugarren eta azken saria eskualdeko 14-16 urte arteko ipuinik onenarentzat izan zen. Lehior Elorriagak irakurri zuen ipuin irabazlea: Gizarte kutsatu eta ustel batean umeak irri egin zuen.Besteen ustez, ez zen errealitateaz jabetu. Haurrak berriz egin zuen barre. Ander Azpitarte da sortzailea eta Plateruenera  batutakoen txaloen artean jaso zituen sariak.

Sari banaketa ekitaldiaren ostean luntxa izan zen bertaratutako denentzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!