50. Durangoko Azoka

Goiuri Aldekoa-Otalora: "Erabiltzaile eta gozatzaile moduan ezagutu izan dut bizi guztian Durangoko Azoka"

Anboto 2015ko abe. 4a, 10:40

Argazkilariak 'Itsasoari begira' dokumentala aurkeztuko du gaur, 16:30ean, Irudienean, eta Gerediaga Elkarteagaz lanean jardungo du azoka egunetan.

‘Itsasoari begira’ dokumentala Irudienean aurkezteak zer sentsazio sortzen dizu?
Ohore handia da, gure lan bat nire herrian, eta gainera, Durangoko Azokaren euskal kulturaren plazan ematea. Aukera aproposa da, bestalde, “egiten zabiltzan pelikula hori noiz ikusi ahalko dogu ba?” galdetzen duen jendeari “oraintxe duzu aukera” erantzuteko.

Zelan sartu zinen ‘Itsasoari begira’-ren proiektuan?
Lorea Perez de Albéniz lankide eta lagunagaz, 2011. urtean sorturiko proiektua da dokumentalarena. Lorearen lagun baten alabak gaixotasun arraro bat dauka, eta horrelako ume bategaz bizitzea zelakoa den kontatzeko beharra sortu zitzaion Loreari. Dokumentala egitea proposatu zidan, eta zalantzarik egin barik, baietz esan nion.

Zelakoa izan da sorkuntza?
Polita eta gogorra. Diru-laguntza txikia izan dugu, eta horrek eragina izan du lanerako izan ditugun baliabideetan. Emaitzagaz pozik gaude. Izan ere, hamar lagun inguruko taldea ibili gara lanean, eta asko inplikatu gara denok proiektuagaz. Geldoa izan da prozesua, eta esfortzu handia egin behar izan dugu, lan horretaz aparte beste egiteko asko daukagulako denok ere.  

Zein proiektutan egin izan duzu Perez de Albénizegaz lan?
Telebistan jardun gara biok urte askoan lanean, hainbat programatan: Jaiak-en hasi ginen, Betizu-n ibili ginen...

Itsasoren bizitza kontatzen du dokumentalak?
Bai, Itsasoren egunerokotasuna. Izan ere, inguruan kasuren bat eduki ezean, oso urrutiko kontua da askorentzat gaixotasun arraroena. Sarritan ez dugu jakiten zelan begiratu gurasoei, edo zelan berba egin ume horiei... Errealitate hori gizarteari hurbiltzea izan da dokumentalagaz egin gura izan duguna. Itsasoren istorioaren bitartez horrelako jendearen bizitza normaltzen lagundu nahi genuke. Batzutan badirudi extralurtarrak direla, baina beste edozeinek dauzkagun behar berberak dituzte; maitatuak izatea eta normaltasunean bizitzea.

Aurrerantzean dokumentala beste leku batzutan ere emateko asmorik baduzue?
Ez dugu uste zinema areto komertzialetan zabaltzeko moduko lana denik, baina badugu asmoa zinema jaialdietara eramaten saiatzeko. Ondoren, herrietako kultur etxeetan eta zineklubetan ere ematea gurako genuke. Eskoletan lantzeko ere film aproposa dela uste dugu, gehienbat, gaiaren inguruko eztabaida sortzeko eta hausnarketa bultzatzeko.

Ikusi dutenengan eragin du filmak gogoeta hori?
Bai, gaiari buelta batzuk ematea behintzat bai. Edo “egoera horretan zer egingo nuke nik?” geure buruari galdetzea. Erreakzioak ere, askotarikoak sortu ditu dokumentalak. Gogoeta egitera  zaramatza Itsasoren ama horrelakoak esaten entzuteak: “Bizi egin behar dut: tokatu zaidan egoera honekin egun osoa triste eta negarrez banengo, ez nintzateke biziko!”

Zelan bizi izan duzu Durangoko Azoka orain arte?
Erabiltzaile eta gozatzaile moduan ezagutu izan dut bizi guztian Durangoko Azoka. Azokako egunetan, giroan atzera eta aurrera ibili izan naiz beti. Txiki-txikitatik bizi izan dut Durangoko Azoka: Merkatu plazako hotza gogoratzen dut, edo dirutxo bat ateratzeko publizitatea banatzen zelan ibiltzen ginen...

Aurtengoa berezia izango da zuretzat, Gerediagagaz lanean jardungo zarelako baita, ezta?
Bai, protokolo arloan lanean ibiliko naiz. Azokan parte hartzen duten guztiekin harremana zaintzen ibiliko naiz, gunez gune, egunero, Gerediaga Elkarteko zuzendaritzako kideekin. Parte hartzaileen eta Gerediagaren arteko harremana zaintzea izango da gure egitekoa. Aukera oso polita izango da Azoka barrutik bizitzeko.
 
Zelan baloratzen duzu azokak izan duen eboluzioa?
Euskal Herriko kulturaren plaza inportanteena da, eta azken urteetan martxan ipini diren gune horiek guztiek asko aberastu dute: dena daukagu eskura, eta gure kasuan, gainera, herrian bertan. Oso gustuko dut.

Dokumentala amaituta, zer proiektu duzu esku artean?
Gauza askotan ibili naiz azken aldian. Urte askoan ikusentzunezkoen arloan, ETBn, egin dut lan, eta duela urte bi lan barik geratu nintzen. Hainbeste urtez lanbide berean jardun eta gero, galduta sentitzen zara, bat-batean, nondik jo ez dakizula. Nire kasuan, argazkigintzan ere urte askoan jardun naizenez, zaletasun horregaz loturiko hainbat lanetan ibili naiz. Familiei argazkiak egiten, sormen tailerrak ematen... Autoerretratuari buruzko ikastaro bat ematen ere banabil, bigarren urtez, Durangoko Andragunean. Oso gustura nabil; autoestima, ahalduntzea, eta identitatea lantzen ditugu, argazkigintzaren bidez.

Zure familiakoen argazkiak eta autoerretratuak asko landu dituzu azkenaldian, ezta?
Familia eta argazkigintza uztartzeko modu aproposa dela ohartu naiz. Horrela deskubritu nuen autoerretratuen mundua. Denbora faltagatik, gauzak aukera dagoenean egiten ditut, abiada baten... Horrek eraman nau hurbilen dudan errealitate horren argazkiak egitera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!