Pozik zaudete disko berriagaz?
Xagu: Emaitza oso ona dela uste dut. Gutxi gorabehera betiko berdina egitea gura genuen, baina eboluzio apur bategaz. Eboluzio hori diska batetik bestera igarri dugu, baina betiko esentzia mantenduta.
‘Garaitu ez gaituztelako’ izenburua ipini diozue diskoari. Zergatik?
Xagu: Oraindik bizirik gaudela esateko; asko dago borrokatzeko eta egiteko, eta hemen ezer ez da galdu. Aurrera beti, egurra ematen!
Abesti bat Portalekua tabernari eskaini diozue.
Kata: Asko egoten gara Portalekuan, eta gurea ere badela sentitzen dugu laurok. Herrikoen inguruko egoera zelan zegoen ikusita, kantu hori egitea erabaki genuen. Talde moduan eta maila pertsonalean eskaintzen diogu Portalekuari.
Kartzela ere oso presente dago diskoan, ezta?
Tronpi: Egunerokotasunean bizi dugun errealitate gordina da, eta kantuak hori salatzeko aprobetxatzen ditugu. Espetxetik elkarlan bat mantendu dugu Jurdan Martitegigaz, eta beti letraren bat egin izan du ekarpen lez. Oraingoan bere kide Aitzol Iriondo ere animatu da. Euren ahotsa kaleratzeko aukera ematen diegu horrela.
Xagu: Aparte, Ezerezaren espetxea abestia ere egin dugu. Momentu honetan oraindik eta garrantzitsuagoa da presoen gaia, hor baitabiltza egur gehien ematen.
Tronpi: Orokorrean espetxe politikaren aurkako abestia da, baina bereziki Andoni Zengotitabengoaren egoera latza azaleratu gura izan dugu [Portugaleko segurtasun handiko kartzelan dago preso, bakartuta].
Abesti horretan Anestesia taldeko Ibon Esteibarrek kolaboratu du. Luxua, ezta?
Tronpi: Oso tipo jatorra da. Ideia kontatu genion eta bera ere oso pozik agertu zen. Denok sustatu gintuen orroa batzuk bota zituen [barrez], ikaragarria da.
Bestalde, munduko errefuxiatuez akordatu zarete ‘Samia’ kantuan.
Xagu: Letra idatzi genuenean Lampedusako kostaldera [Italia] errefuxiatuen uholdea heltzen zebilen. Gero mundu osora hedatu zen. Zapalduekin elkartasuna erakustea da gure asmoa.
Tronpi: Beti izan gara beste herrialde batzuen arazoak transmititzekoak. Palestina, Kolonbia...
‘Zu barik’ eta ‘Aurkitu zaitut’ lako kantuak datozkit burura. Disko berrian ez al da falta holako maitasun kanturik?
Tronpi: Baina Izan ginena abestiari, adibidez, bakoitzak bere interpretazioa topatu ahal dio. Zerbait edo norbait faltan botatzeagaz lotutako letra bat eskatu genion pertsona bati, eta askok maitasunetik interpretatuko dute.
Gazte ugariren artean arrakasta daukazue. Musika gazteekiko konpromiso moduan hartzen al duzue?
Xagu: Askotan inkontzienteki ere bai, baina kantu asko egiten ditugu gazteek entzungo dituztela pentsatuz.
Tronpì: Beti esan dugu musikaren bitartez gure aldarriak zabaltzea dela gure helburua.
Zapatuan duzue aurkezpena. Zelakoa izango da?
Tronpi: Gure asmoa disko berria aurkeztea da, baina kontziente gara oraindik fresko dagoela, eta kantu zaharrak ere joko ditugu. Kontzertu beroa izatea espero dugu.
Ibaiko: Jendea animatu dadila zapatuko kontzertura!