Euskarak 365 Egun

Abenduaren 3aren bueltan, urteko 365 egunetan euskaraz bizitzeko deia zabalduko dute

Anboto 2015ko abe. 3a, 10:07

Iaz Berrizko ikasleek egin zuten mosaikoa.

Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da gaur,  eta egun zehatz horretatik harago, urteko 365 egunetan euskaraz bizitzeko deia zabalduko dute euskaltzaleek. Durangaldean antolatutako ekitaldiak batu ditugu albiste honetan.

  • Euskararen Eguneko bideoak eta argazkiak bidaltzeko bideak: webgunea@anboto.org, 688 635 041 watsapp zenbakia, Facebook eta Twitter (@anboto).

Durangon,  Guka euskaltzaleen bilguneak talde argazkian batzeko deia egin du 18:00etarako, Andra Mariko elizpean. 18:30ean aulkien jolas erraldoia egingo dute, eta 19:00etan kantu-poteoa hasiko dute. Aulkien jolasa ikastetxeei ere proposatu die Gukak, eta denda atarietan aulkiak ipintzeko deia egin du.

Abadiñon, 'Abadiño ezagutuz' lehiaketako otzara banaketa egingo dute. Eskoletan herriari buruzko galdetegiak erantzuten jardun dute ikasleek, eta galderak ondoen erantzuten dituztenen artean zozkatuko dituzte otzarak. Bestalde, kalejira bi egingo dira Oxabi erromeria taldearekin; lehenengoa Traña-Matienan, 16:45etik aurrera, eta bigarrena Zelaietan, 18:00etatik aurrera.

Berrizen, Joseba Irazokiren kontzertua egongo da 22:00etan, kultur etxean.

Iurretan, Maiztegi eta Juan Orobiogoitiako ikasleek Euskarak 365 Egun kanpainagaz bat egingo dute, eta herritik zehar lema hori duten kartelak banatuko dituzte. Bestalde, udalak adierazpen instituzionala irakurriko du osoko bilkuran.

Mallabian, Maialen Zubeldiaren ipuinekin gozatu ahalko dute umeek, 10:00etatik aurrera.

Otxandion, eskolan hasiko dute abenduaren 3ko egitaraua. 11:30ean patioan murala margotuko dute, eta 14:45ean ikuskizun laburrak eskainiko dituzte ikasleek. Ondoren, txokolatada izango dute. Arratsaldean, ekintza berezia egingo dute ludotekan, 17:00etan, eta 18:00etan, bolalekuan merienda musikatua egingo dute, "euskaraz bizitzeko pausotxoak ematen ari diren guztientzat". Horrez gain, domekan, abenduak 6, Ez gara Palestinaz ari bertso emanaldia izango da Mainondoko kiroldegian, 18:30ean.

Zaldibarren, herritarrek euskararen inguruan egindako bideoa proiektatuko dute, 19:00etan, udaletxe atarian.

Zornotzan 19:00etan, bertso karikatura emanaldia hasiko dute Tomasatik  Iratxe Ibarra eta Eneko Abasolo bertsolariekin eta Rufo marrazkilariagaz Nañon elkarteak antolatuta. Horrez gainera, Zornotzako Udalak Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruko ekitaldia egingo du gaur, 18:00etan, Zelaieta Zentroko auditorioan. Andoni Agirrebeitia alkateak adierazpen instituzionala irakurriko du. Ekitaldian 501 Baietz! kanpainan parte hartu duten lagunak batuko dira eta euskara sustatzen jarraitzeko honakoa eskatuko zaie: Animatu ditzatela beren lagun eta ezagunak euskararen inguruko konpromiso txikiak hartzera eta jakinarazi ditzatela urtea amaitu aurretik. Ondoren, kanpainaren harira egindako bideoa emango dute, ikastetxeek egindako ekarpenarekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!