Birako antolatzaileek adierazia dute itzulia egiteko UCI-k egindako eskari berriak bete behar dituztela: egunero telebistan ordu beteko laburpena ematea eta azken etapa zuzenean ematea.
Lur Etxeberriak egindako galderei erantzutean, Uriartek proba telebistaz emateko kostuaren “zati bat bakarrik” bermatuko zutela erantzun zuen, EH Bilduk prentsa ohar batean jakinarazi duenez. Hala, Etxeberriaren ustez, “Lakuak ez du Biraren etorkizuna bermatu nahi izan, dagokion ardura bere gain hartuz. Horren ordez, ardura besteen teilatuan jarri nahi izan du”. Aitzitik, Etxeberriaren berbetan, Emakumeen Birak “beste tratamendu bat” merezi du: “Berez, emakumezkoen froga gizonezkoen mailaren pareko kokatzen da nazioarteko txirrindularitzan, baina egiten dituzten eskaerak askoz ere xumegoak dira. Gizonezkoarenak behar duen baliabideen laurdena bakarrik behar du, eta hala ere, Jaurlaritzak ez du inbertsio hori egin nahi”. Etxeberriak azaldu zuenez, "gizonezkoen probara 190.000 euro bideratzen dira, eta emakumezkoenak 50.000 behar ditu soilik".
Horrela, koalizioak ekimen urgentea erregistratu du Gasteizko ganberan, alderdi politikoek posizionamendua hartu dezaten eta ganberak mandatu argia egin diezaion Kultura sailari: bere gain hartu dezala Emakumeen Birak behar dituen baliabide guztiak ematea.