"New Yorkeko maratoiaren inguruko dena itzela da: antolaketa, animazioa, musika..."

Anboto 2015ko aza. 12a, 19:00
Ezkerretik eskumara: Juanma Garcia, Igor Zabaleta, Iñigo Iraurgi eta Ernesto Milikua.

Azaroaren 1ean New Yorkeko maratoi ospetsuan parte hartu zuten 73.000 parte-hartzaileen artean, Durangaldeko lagunak ere izan ziren. Ernesto Milikua berriztarrak, eta Iñigo Iraurgi, Igor Zabaleta eta Juanma Garcia durangarrek aspalditik bete gura zebiltzan asmoa gauzatzea lortu dute, aurten.


Maratoian parte hartzea gaitza da, eskaera handia izaten duelako. Urteetan saiatu ostean, aurtengo urtarrilean jakin zuten bazutela aurtengo aldirako dortsala, eta, birritan pentsatu barik, bidaia prestatzen hasi ziren: “Maratoiak egiten ditugunontzat New Yorkekoa oso erakargarria da”, onartu du Iraurgik. Horregatik, ahalik gehien gozatzen saiatu zen: “Ez neukan marka zehatzik buruan. Lasai joatea eta probagaz gozatzea zen helburu bakarra. Topera bazoaz, arnasari eta pultsoari eusten zentratzen zara, eta nik inguruagaz ere gozatu gura nuen”. Horrela, indarrak gorde zituen, ibilbidean zeharreko giroa ikusteko eta entzuteko. “Zirku baten modukoa da”, gogoratu du: “Maratoiaren inguruko dena itzela da: antolaketa, segurtasuna, animazioa… harrigarria da. Bide osoan zehar aurkitu daiteke jendea animatzen, eta musika banda pilo batek zuzeneko musika eskaintzen dute. New York bost barrutik osatzen dute; maratoia denetatik igarotzen da, eta musikak ere bat egiten zuen tokian tokiko kulturekin”.

Maratoiaren hasiera ere gogoan du, ez zelako ohiko prozedura erabili. Multzotan eta azpimultzotan banatutako korrikalariak hiru puntu desberdinetatik irten ziren, erosoagoa izan zedin, eta bosgarren kilometroan bat egin zuten.

Astebete eman zuten Amerikako Estatu Batuetako hiririk handienean. Behin haraino joanda, turismoa egiteko ere aprobetxatu zuten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!