Iurretako bosgarren dago, Sodupe liderrarengandik puntu batera. Iaz suziriek behetik gora hartzen duten abiada berdinean amaitu zuten denboraldia, eta azken 12 partiduetatik 10 irabazi eta bi berdindu zituzten. Aurten, hasierako jardunaldietan behinik behin, inertzia horri eustea lortu dute. Iurretakoren aurtengo helburuak “onenen artean aritzea eta Hirugarren Mailarako igoera bilatzen ahalegintzea” dira Jon Gurutz Vazquez entrenatzailearen esanetan.
Bost partidutik lautan atea hutsean mantendu dute, talde sendoa dela erakutsiz. Hala ere, Vazquezen iritzian, ez dira talde defentsiboa: “Ez gara atzean sartzen, eta talde alaia garela esango nuke. Atzean ondo antolatuta, aurrean badugu bolbora”.
Taldeko hamabost jokalari iazko berak dira. Jokalari berrien artean, Unai Oiarbide eta Josu Garai Elgoibarretik etorri dira, Lander Bereziartua Amorebietatik, Mikel Aperribai Durangoko Kulturaletik, Borja Carro Zalduatik eta Ander Rementeria eta Iker Lopez Eibarretik.
Elorrio, alternatibak jokoan
Elorrio seigarren dago. Aitor Azpitartek bigarren denboraldia du Elorrioren aulkian. Taldeak eraso jokoa aberastu zezan, iaz hasitako bideari jarraipena eman gura dio aurten. Futbolean eta, batez ere, maila hauetan, jokalariek buruan ideia nagusi bat izaten dute Azpitarteren ustez: “Atea hutsean mantentzea. Baina partiduak irabazteko, golak egin behar dira”. Horretarako, baloi zuzenaz gainera, erasorako beste jokamolde batzuk barneratzeko lan egiten dute: “Ez dut jokatzeko modua erabat aldatzea bilatzen. Erasoan alternatibak izatea da helburua”.
Sei jokalari berri dituzte: Asier Negugogor eta Gorka Iglesias Abadiñotik etorri dira, Asier Iturrieta eta Adrian Petralanda Iurretakotik, Beñat Arruabarrena Kulturaletik eta Cristian Cedeño Zalduatik. Mikel Orbegozo Elorrioko bigarren taldetik igo dute.