EAJri ez zaio gustatu Amankomunazgoko soldaten datuak ematea

Anboto 2015ko urr. 23a, 12:45

Amankomunazgoko legealdi berriko lehenengo bilkura egin zuten atzo, eta besteak beste, presidentearen soldata ezarri zen. EAJk, aurreko egunetan gaiaz berba egin izana kritikatu zuen.

Aitor Lopez presidenteak soldata bajatu du, Oskar Zarrabeitia jeltzaleak kobratzen zituen 54.000 euro gordinetatik 48.000ra. Gainera, kopuru berri horretatik 6.000 euro EH Bildu koalizioari dohaintzan emango dizkio. Guztira, zergak-eta kenduta, urtean 28.000 euro garbi kobratuko ditu. EH Bilduren eta Herriaren Eskubidearen botoekin onartu zen aldaketa hori, eta hain justu ere, alderdi bi horien arteko akordioa aurkeztean, datuak prentsari eman zizkion Aitor Lopezek, kazetariek galdetu ostean. EAJri ez zaio gustatu hori; "ez dugu ulertzen", esan zuen Goiztidi Diazek. Bere arabera, alderdiari emandako dirua beherapen bezala saldu du EH Bilduk: "Kantitate hori ez da soldataren beherapen bat, diruagaz berak egingo duen zerbait da". Gainera, diru hori EH Bilduri ematea "gardentasun falta" lez ikusten du Diazek. Edozelan ere, ez zen aldaketaren kontra agertu: "Presidenteak soldata duina eduki behar du, eta gobernu taldeak uste badu hori dela, ados gaude".

Kritiko azaldu zen Abadiñoko Independenteetako Antonio Serrano: "EH Bilduk gaiagaz daukan sentsibilitatea ikusita, harritzen nau beherapena soilik 6.000 eurokoa izateak". Bere alderdikoa den Abadiñoko alkateak 54.000 euro gordin jaostzen ditu urtean, 2.800 euro garbi hilero.

Erakusteko prest

Endika Jaiok gobernu taldearen izenean erantzun zion EAJri. Bere arabera, "alderdian beharrizanak daude", eta 6.000 euro hara bideratuko direla esatea "ez da desinformatzea". Akordioaren aurkezpen egunean, Aitor Lopez presidenteak esan zuen lehen nomina jasotzen duenean erakusteko prest dagoela, eta alderdiari dohaintza ere publikoa izango dela.

EAJ abstenitu egin zen bozketan, AIko bi ordezkariak bezala. Horrela, 14 aldeko bozka eta 9 abstentzio egon ziren (EAJko lau falta ziren).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!