Akordioa helburu zehatz batzuen arabera adostu dute. Hiru ardatz ezarri dituzte: bazterketa soziala sahiesteko politikak garatzea, parte-hartze zuzena eta aktiboa bultzatzea, eta udalekin lan eginez “eskualde ikuspegia berreskuratzea”. Arloen kasuan, enplegua, industria garapena, berdintasuna, partaidetza, euskara, kultura eta garapen jasangarria izango ei dira lehentasunak.
Bilkura, bihar
Bihar, eguena, Amankomunazgoko lehenengo osoko bilkura egingo da. Bertan, eratuko diren lau batzorde nagusietako bat, Ongizatekoa, Julia Pererak zuzenduko du, Herriaren Eskubidearen ordezkariak. Aitor Lopez presidenteak Ogasuna eta Langilegoa batzordea zuzenduko du, Endika Jaiok Toki Garapenekoa, eta Eider Uribek Euskara eta Kulturarena. Edozelan ere, alderdi biek ez dute akordioa “tradizionalki boterean egon diren alderdien kromo aldaketa” lez ikusten. Azaldu dutenez, batzordeetako lehendakarien arteko elkarlana eta koordinazioa sustatuko dituzte. Bilkuretan babesa emango diote elkarri, baina, “talde bakoitzaren autonomia errespetatuz”.
Bestalde, Aitor Lopez presidenteak soldata bajatu du. Aurreko legealdiko 54.000 eurotatik 48.000ra bajatu du, baina gainera, hortik 6.000 EH Bildu koalizioari dohaintzan emango dizkio. Guztira, urtean 28.000 euro garbi kobratuko ditu.