Martxan da Zubi antzezlan lehiaketaren III. edizioa

Anboto 2015ko urr. 19a, 17:43
Iazko deialdian, Lauka Teatroa taldearen proposamenak irabazi zuen Zubi lehiaketa.

Euskal antzerkigileei euren ideia eta proiektuak gauzatzen laguntzeko antolaturiko Zubi lehiaketaren hirugarren deialdia zabaldu dute. Azaroaren 16a baino lehen, ekimenaren webgunean aurkeztu ditzakete sortzaileek euren proposamenak.

Lehiaketara aurkeztu gura duten antzerki konpainia edo norbanakoek, www.zubi.eus webguneko formularioa bete, eta ehkozubi@gmail.com helbidera bidali beharko dute, euren proiektuaren inguruko informazioa emanez.

Epaimahaiak aukeratzen duen proiektua gauzatzen laguntzeko, askotariko bitartekoak eskainiko dituzte Zubi lehiaketaren bultzatzaileek; laguntza ekonomikoagaz, sorkuntzarako espazioak eskainiaz edota partaide bakoitzaren premietara egokituriko aholkularitza tekniko zein artistikoagaz lagunduko diete sortzaile gazteei.

Antzerki sorkuntzaren lehiaketa honen aurreko bi edizioetako irabazleek, antzezlan berri bana prestatu eta aurkeztu dute. 2013ko lehenengo deialdiaren emaitza Dxusturi Teatroa taldearen Konpota antzezlana izan zen, eta iaz, tartean Durangaldeko hiru aktore dauzkan Lauka Teatroa konpainiaren Amodioaren ziega burutu zuten, Zubi egitasmoaren bultzadagaz.

Durangoko San Agustin kulturguneak, Kultur Leioak, Hameka Karrikako Arteen Fabrikak, Zornotza Aretoak, Aulestiko Artedrama Topaketak, Baxe Nafarroako Herri Antzokiak, Elorrioko Arriolak eta Zumaiako Udalak babesten dute Zubi egitasmoa. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!