Zaldibartik Elorriorako oinezkoen iblbidea zaintzeko lanak hasiko dituzte

Anboto 2015ko urr. 14a, 10:00
Bidean dagoen paneletako bat. (Argazkia: mendikat.net)

Zaldibar eta Elorrio artean, Santa Marinatik Santruan ermitaraino, hainbat azterketa egingo dituzte, datozen asteetan, PR BI 73 basa-bidearen homologazioa berrizteko helburuagaz. Bizkaiko Mendi Federazioak egingo ditu homologazio eta mantenurako lan horiek, azaroaren 30a bitartean.


Hamar urterik behin berrizten da PR (10 eta 50 kilometro arteko ibilbide laburra) lizentzia, baldin eta ibilbidea egoera egokian dagoela baieztatzen badu dagokion mendizale federazioak. Besteak beste, bidea behar bezala irekita dagoela baieztatu beharko dute, eta baita, seinaleztapenari eta mantenuari dagokienez ere, gauzak behar bezala daudela.

Arantza Baigorri alkateak azaldu du urte askoan PR izendapenerako baldintza horiek betetzen diren egiaztatu barik eduki duela, eta udalean uztailean jaso zutela homologazioa berriztu beharraren berri.

Homologazioa berriztuta, mendi ibilbideen zerrenda ofizialean jarraituko du Zaldibar eta Elorrio arteko bide horrek, segurtasunari eta kalitateari dagozkien baldintzak betetzen direla baieztatuta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!