anboto.org

Durangoko Udalak ez du zigortutako prozedura jarraituko aurtengo Enplegu Planean

  Herririk herri  Durangaldea  Durango

Iazko Enplegu Planeko kontratazioan "arau-hauste larria" egiteagatik udala zigortu egin zuen Eusko Jaurlaritzak; udalak hamahiru behargin hartu zituen brigada lanetarako, Sartu-Zabaltzen erakundea bitartekari lez erabilita. Aurten, merkatu arrunteko enpresen artean banatuko du laguntza, eta zerbitzuen sektoreari indarra emanez. 177.000 euro izango dira, 34 diru-laguntzatan banatuta.

Beraz, eta nahiz eta egindakoa defendatu, udalak ez du iaz zigortutako prozedura jarraituko.

Joan zen barikuan prentsaurrekoa eman zuten Durangaldean Enplegu Planak bultzatuko dituzten erakundeetako ordezkariek. Augusto Uriarte Behargintzako zuzendariak azaldu zuen Durangaldea Prestatuz izeneko foroa eratu dutela aurten, diru-laguntzak aztertu eta zelan bideratu erabakitzeko. Amankomunazgoa, Udalak, Lanbide, Iurreta institutua, Maristak ikastetxea, Dendak Bai, Durangaldeko Enpresen Elkartea, Sartu-Zabaltzen, Lantegi Batuak, IK4-Azterlan, Durangaldeko Lehiakortasun Poloa eta EHNE izan dira partaideak. Eskualdeko langabetuen lan gaitasunak eta egoerak hobetzea da planaren helburu nagusia, Uriarteren esanetan. Lanbidek 177.000 euro eman dizkio Durangoko Udalari, eta beste 158.000 Elorriokoari. Lehen kasuan, langabetu durangarrak hartzeko balioko du, eta bigarrenean, eskualde osokoak.

Durangon, zerbitzu sektorerako

Pilar Ríos Durangoko alkateordeak adierazi duenez, deialdian Bizkaiko enpresek parte hartu ahalko dute. Batez ere zerbitzuen sektoreko enpresak hartuko dituzte kontuan, Durangon hori delako sektore indartsuena. Gainera, 1.778 langabetuetatik 1.053 arlo horretan ibilitakoak direla dio. Langileak Lanbidetik hartu beharko dira, baina lan mundura sartzeko zailtasun handiena duten sektoreei garrantzia emango diete. Plana boletinean agertu eta hilabete edukiko dute enpresek udalean eskaerak aurkezteko.

Elorrion hasita dago eskaerak aurkezteko prozesua, eta azaroaren 27ra arte egongo da martxan, Idoia Buruaga alkatearen arabera. Hamazazpi diru-laguntza kudeatuko dituzte, eta horietatik hamabi Urkiola Landa Garapenaren bitartez. Hemen ere, Lanbidetik etorriko dira langabetuak. Basoen garbiketarako, eskualdeko turismo plana eguneratzeko, edota nekazaritza eta abeltzaintzako produktuak sustatzeko proiektu bat egiteko hartuko dituzte langabetuak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa