EH Bilduk Amankomunazgoko aginte makila hartu gura du eguenean

Anboto 2015ko ira. 22a, 11:19

Eguenean burutuko da Amankomunazgoa osatzeko bilkura, eta EH Bilduk gobernu ardura hartzea espero du. Hala balitz, indar aldaketa historikoa litzateke, EAJk izan baitu kargua instituzioa sortu zenetik. Aitor Lopez zaldibartarra izango litzateke presidente.

"Barikuan lanean hasteko prest gaude". Hori adierazi du prentsagaz izandako solasaldian Aitor Lopezek, Amankomunazgoko presidentetzarako EH Bilduren hautagaiak (Zaldibarko zinegotzia da). Koalizioak 13 kargudunen botoa edukiko du eguenean, eta Herriaren Eskubideko kideak (Podemosek babestua) edukiko du giltza. Izan ere, EAJk 11 ditu, eta aurreko legealdia ikusita Abadiñoko Independenteen 2ekin 13 izango lituzke. Lopezek ez du konfirmatu Herriaren Eskubidearen botoa jasoko dutenik, baina abstentzioagaz nahikoa daukate. Edozelan ere, Podemosek beste hainbat erakundetan hartutako erabakiak kontuan hartuta, EH Bilduk ez du "sorpresarik" aurreikusten.

Lopezek iragarri du, gobernua lortuz gero herritarrekin eta eragileekin parte-hartze dinamikak zabaldu gura dituztela. Nobedade lez, tokiko garapeneko arlo berri bat sortzea gura dute, eta udal guztiak ordezkatzen dituen gobernu batzordeari garrantzia gehiago ematea ere bai.

Zabor bilketan, "asko dago egiteko"

Zabor bilketaren sistemaz galdetuta, EH Bilduren hautagaiak aurreratu du ez dutela aldaketa sakonik egiteko asmorik. Organikoa batzeko, bosgarren kontainerraren hedapenean murgilduta dago Amankomunazgoa, eta Lopezek gogoratu du biztanleriaren %15era ailegatzen dela soilik. "Gaur egungo sistemak hobetzeko aukerak ematen ditu, eta oraindik lan asko dago egiteko".

Lopezen arabera, Oskar Zarrabeitia jeltzalearen agintea "presidentzialista" izan da, eta hori barik, batzordeetako kideei zein beharginei garrantzia eman gura dietela esan du: "Presidentea ezin da izan Amankomunazgoaren irudi bakarra".  Horrez gainera, soldata bajatuko duela ere iragarri du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!