Ganorabakuek: "Banjoak eta mandolinak beste alaitasun bat ematen diote soinuari"

Anboto 2015ko ira. 14a, 10:20

Datozen asteburuetan kontzertzuz kontzertu ibiliko dira Ganorabakuek taldeko kideak. Lehenengo diskoa grabatzen dabil boskotea, eta dirua batzeko, aurrez aurreko crowfounding-a egiten dabiltza. Euren musikan, folka, rocka eta punka nahasten dituzte. Durangoko Alienalde industriaguneko entsegu lokalean elkartu da ANBOTO taldeko hiru kidegaz.

2014tik diharduzue Ganorabakuek taldean?
Borja Moronatti: Bai, urtebete inguru daramagu. Azaroan, Abadiñon, domeka eguerdi baten eskaini genuen gure lehenengo kontzertua.

Nondik datorkizue ikutu zelta, folk horrekiko zaletasuna?
Egoitz Uriarte: Egia da influentzia berriak ditugula, baina ez genuke esango folka denik egiten duguna.
Ibon Berriozabalgoitia: AEBtako ekialdeko mendialdean sortu zen bluegrass musikaren ukitua dauka gureak. Bizimodu umileko jendeak, Irlandatik edo Eskoziatik joandako jendeak AEBetara eraman zuen musikaren nahasketatik sortutakoa.
E.U.: Orain, guk egiten duguna zehatz zer den geuk ere ez dakigu (barrez).
B.M.: Punketik eta rocketik gatoz, eta jatorri horren eragina ere badugu.
I.B.: Bluegrassera hurreratu gura dugu. Baina ez gara inongo birtuosoak musika jotzen...

Jotzen asko gozatzen duzuela ematen du. Horrela da?
B.M.: Horrela da, bai. Banjoak eta bandolinak soinuari beste alaitasun bat ematen diotelako beharbada...

Banjoa eta mandolina erabiltzen hasteko pausoa ematea, zelan bururatu zitzaizuen?
E.U.: Silikosos taldea utzi genuenean, Libok banjoa zeukan etxean, eta Zudari mandolina oparitu zioten. Horrela hasi zen.
I.B.: Gitarragaz alderatuta, afinazioa eta akordeak nahiko desberdinak dira, eta ikasi egin behar izan dugu.

Urtebetean asko sortu duzue.
B.M.: Bai, hamabost kanta sortu ditugu urtebetean, eta oraindik amaitu barik dauzkagu beste hainbat...

Zelako letrak dituzte kantek?
E.U.: Barnean daukaguna ateratzen dugu. Denetik dago; jenio txarra, alaitasuna... Bakoitzaren momentuko kezkak...
I.B.: Normalean, kritikoak izaten dira letrak; Mañariko harrobiekin, jendearen jarrerekin, elizarekin...
B.M.: Bertsioak dira kantetako bi (Dolly Parton eta 357 Street Band-enak), baina geuk idatzitako letra ipini diegu. Denok idatzi izan dugu kantaren bat. Hasieratik argi eduki duguna, euskaraz idatziko genuela izan da.

Taldekide guztiek kantatzen duzue Ganorabakuek-en.
I.B.: Bai, bitxia da hori. Ibili garen punk taldeetan ez diogu ahotsari garrantzi handirik eman izan, baina, orain, gehiago lantzen dugu kantaera: bi ahotsetara ere abesten dugu!

Urtebete da taldea sortu zenutela, baina hainbat kontzertu eskaintzeko aukera eduki duzue. Ondo hartu zaituzte jendeak.
I.B.: Leku askotatik deitu digute jotzeko eskatzen. Zerrenda luzea daukagu, baina oraindik ez ditugu kontzertu denak zehaztu.  
B.M.: Lan kontuak direla-eta, ezin izan dugu asko jo. Bost gara, batzuek asteburuetan tabernetan egiten dute lan, eta ez da erraza...

Hainbeste proposamen jasotzeko, zer uste duzue egin zaiola jendeari erakargarri?
I.B.: Entzutera ohituta gauden musika eta guk egiten duguna desberdinak direla. Erabiltzen ditugun instrumentu batzuk ere hemen ez dira ohikoak.  
B.M.: Eta musika animosoa dela, jairako aproposa. Martitzenetako entseguetan geu ere jai giroan ibiltzen gara lokalean.

Durangaldeko hainbat jaitan entzun ahalko zaituztegu irail eta urrian, ezta?
E.U.: Bai. Durangoko Goienkaleko jaietan joko dugu; baita Iurretakoetan eta Durangokoetan ere. Irailaren 19an, Arrasateko Elkartasun Egunean ere ariko gara. Datozen lau asteburuetan, jarraian jo ahal izango dugu.

Dirua biltzeko, Crowfounding berezia martxan

Hilabete bat edo bi barru prest edukiko duten diskoaren kopiak ordaintzeko dirua biltzeko, crowdfunding kanpaina berezia abiatu du Ganorabakuek taldeak. Interneten bitartez barik, aurrez aurre eskatu diote jendeari laguntza. 125 laguntza-txartel atera dituzte lehenengo diskoaren kopiak egiteko. Lau euroren truke, diskoa kalean dagoenean ale bana jasoko dute babesleek.  
Lokalean dabiltza grabazioa egiten, euren martxan. Egizu zuk zeuk izan dute beti bizi-filosofia: “Beti ibili gara gure kabuz, diru gutxigaz...”

Aurretik Silikosos eta BEK taldeetan ibilitakoak dira Ganorabakuek taldeko bost lagunak. Punka egiten zutenean baino publiko anitzagoa dute Ganorabakuek taldean dabiltzanetik: “Zaharrak dantzan, umeak... denetik ikusi dugu publikoan azkenaldian”.

Jende askok esan ei die taldearen izenagaz identifikatuta sentitzen direla: “Zenbat bider esan didaten etxean ganorabakuoi!, esaten digu jendeak”.

Azkonarra da taldearen irudia, izenaren zentzuagaz ere bat datorrena: “Azkonarra aukeratu dugu, nahiko narrasa eta ganorabakoa delako”.

Hasi zirenetik, boskotea biolin-jole bategaz osatu gura izan dutela azaldu dute. Eta deialdia luzatu dute: biolin-jole bila dabiltza Ganorabakuek.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!