Migrazioak: industrializazio sasoitik gaur egunera, hamaika koloreko Durangaldea

Anboto 2015ko eka. 26a, 09:00

1960ko eta 1970eko hamarkadetako industrializazioaren eraginez, Espainiako Estatuko milaka lagun etorri ziren beharrera Euskal Herrira, eta Durangaldea izan zen migrazio horren kasu adierazgarrienetako bat. Hamarkada batzuk geroago, bizitza hobe baten bila mundutik etorri den beste migrazio bat ezagutu dugu. Ondorioz, hamaika koloreko lurraldea da Durangaldea.


Industrializazio sasoiko migrazioak eduki zuen eragina ulertzeko, 1986ko biztanleriaren datua argigarria da: Durangaldeko 50.000 biztanleetatik 11.000 estatutik etorritakoak ziren. Nerea Mujika ikerlari eta Gerediaga Elkarteko presidenteak bere tesian emandako datua da Durangaldeak 1960tik 1991ra bizitako aldaketa fisiko eta demografikoaren ingurukoa.

Auzo gehiago
Durangaldea ez zegoen prest lanera etorritako pertsona guztiak hartzeko. Durangoko San Fausto eta Mataderoa izenez ezagutzen den auzoak sortu ziren, eta beste eremu batzuk zabaldu egin ziren.

Populazioa, %79,8 gora
Durangaldeak aldaketa sakona bizi zuen, eta populazioa ikaragarri handitu zen. Izan ere, kanpoko migrazio horretaz gainera, barnekoa ere gertatu zen. Mujikaren tesiaren arabera, populazio hazkundea Bizkaiko batez bestekoa baino handiagoa izan zen. 1960tik 1991ra bitartean, %79,8 hazi zen Durangaldeko biztanleria (28.000tik 52.000ra), eta Bizkaikoa, ostera, %53,8. Durango eta Iurreta izan ziren etorkin gehien jaso zituzten herriak (guztira, 6.000 inguru), eta populazioa 12.000 biztanletik 22.000ra igo zen hiru hamarkada pasa ostean. Mujikak azaldu duenez, Durangaldean enpresa ugari jaio zen, baina Eibar aldetik ere asko etorri ziren, batez ere Abadiñora. Eibarren ez zeukaten lur libre gehiagorik, eta, Durangaldea gertu dagoenez, hona etorri ziren hainbat enpresa.

Gizarteratzea, zelan?
Elkarbizitza eta gizarteratzea erronka ziren lehen, eta orain ere horrela dira. Erreportaje honetan parte hartu duten herritarrek azaldu dute ez dutela arazorik eduki atzerritar izateagatik, baina gizarteratzea alde bikoa izan behar dela esan dute hainbatek. Hau da, eurek ahalegina egin behar dutela, baina hemen sortutakoek ere euren ekarpena egin behar dutela. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!