Ondo etorri Durangaldera

Anboto 2015ko eka. 26a, 09:00

Industrializazio sasoian eta gaur egun etorritako zortzi herritarrek euren esperientziak kontatu dituzte. Euren ekarpena egin eta gizartea aberastu dutenetako zortzi lagun dira Roberto, Basi, Camilo, Petra, Christiana, Mohammed, Marta eta Hailing.  Lan egin, eta bertakoekin ahalik eta ondoen moldatzeko saiakera egin dute. Gizarteratze lan horretan, euretako batzuek euskara ikasi dute, adibidez. Sorterriari uko egin barik, Durangaldeko biztanle sentitzen dira.

ROBERTO PEREZ

- Traña-Matiena (Abadiño), 63 urte.

- Jubilatua

Euskara ederto darabilzu.
Santiago de Compostelan jaio nintzen, baina nire familia Leongo herri txiki batera joan zen txikia nintzela. Irakaskuntza egin, eta Bizkaian lana soberan zegoela esan zidaten. Eskaera egin, eta Ajangizera heldu nintzen. Andre bati “Buenos días” esan nion, eta hark hemen egun on esaten dela erantzun zidan. Oposaketak gainditu, eta Matienan tokatu zitzaidan. Gero, AEKn hasi, eta 90ean EGA atera nuen. Hizkuntza integratzeko esparru garrantzitsu bat dela uste dut. Hausnarketa sakon bat egin behar genuke, Matienan hainbat familia ez direlako euskaraz ezer esateko kapaz.

Integrazioak alde bikoa behar du, ezta?
Batzuek uste dute Euskal Herria maitatzeko zure sorterria gorrotatu behar duzula. “Hemen hikuntza eta ohitura batzuk dauzkagu, eta nire laguntza praktiko guztia edukiko duzu integratzeko”, izan beharko luke hemengoen jarrerak.

 

BASI ROMO

- San Fausto (Durango),  84 urte.

- Jubilatua

 

 

 

 

Guadalajarako El Olivar herritik etorri zinen Durangora.
Lan ugari egiten genuen olibondo eta abarretan, eguzkitik eguzkira, baina diru gutxi zegoen. Senarra Durangoko tren geltokian hasi zen beharrean, osaba batek ekarrita. Handik urtebetera etorri nintzen, Nevers ikastetxean garbiketan lan egitera. Ez nuen ikasketarik egin, baina nire seme-alabek bai. Euren ikasketak egin dituzte, euskara dakite, eta horregatik pozik nago. Nire senarra Aranguren zen; antza denez, hemendik harantz migrazio bat egon zen lehenago.

Familia baten etxean eta izekoren etxean bizi ostean, San Fauston erosi zenuten etxea.
Durangarrak ikaragarri onak izan ziren nigaz, pena da kalean egoteko denbora askorik eduki ez izana! Auzokide asko familiakotzat izan ditut, asko lagundu diogu elkarri. Batzuei erosketak egiten nizkien, adibidez. Oso pozik bizi naiz hemen.

 

CAMILO PUENTE

- Iurreta, 71 urte.

- Jubilatua

Zelan etorri zinen Iurretara?
1951n etorri ginen Ubidera, Ribadelagotik (Sanabria, Zamora). Herriko presa lehertu egin zen, eta jendeak ez zeukan nora joan. Gure aita, Legutiotik Bilbora ura eramateko obran lan egiten hasi zen. Obra amaitzean, ez zuen Bizkaitik irten gura; hiru ume zituen, eta berak zeukana baino bizitza hobea eman gura zien. Matienan pisu bat hartu zuen lehenik, eta gero Iurretan etxea erosi zuen. Paper fabrikan hasi zen lanean. Ni Iurretako eskolan hasi nintzen ikasten, eta gero tailer batean ibili nintzen. Ez diot nire sorterriari uko egiten, baina ni hemengoa naiz.

Zelan sentitzen zara bertan?
Iurretan oso pozik nago. Hemengo jendeagaz beti oso ondo konpondu gara, asko maite izan gaituzte. Gure aitak Tellitun lan egin zuen, eta asko maite zuten. Euskara ez dut ikasi, eta nire errua ere izango da; nire seme-alabek eta ilobek bai, eurek euskara erabiltzen dute.

 

PETRA MARTIN

- Zornotza,  81 urte.

- Jubilatua

 

 

 

 

 

1957an etorri zinen Ciudad Realetik. Zelan oroitzen duzu?
Ez ginen txarto bizi, baina nire hiru neba-arreba hemen zueden, eta nire aitak hona etortzea erabaki zuen. Hasieran, hilerri alboko auzoan hartu genuen etxea, eta gero Ogenbarrenan erosi genuen gure gaurko etxea. Nire senarra eta arreba ehungintzan hasi ziren lanean, baina ez zen ezer irabazten: 217 pezeta astean. Gero Izar enpresan ibili zen senarra, eta ni Forjas de Amorebietan. Greba baten ostean, bera ere gure enpresara etorri zen.

Zelan hartu zintuzteten zornotzarrek?
Ez dut kexarik elkarbizitzari dagokionez.  Carmen Bernaola gogoratzen dut, adibidez. Denda zeukan etxepean, eta Durangorako autobusa hartu behar nuenean-
edo, dirua ematen zidan. Bestalde, inoiz ez didate zuzenean maketa deitu. Horrela izan bada, lepotik izan da. Ez daukat kexarik Zornotzarekiko eta Euskal Herriarekiko.

 

CHRISTINA ORIS

- Iurreta, 35 urte.

- Pertsona zaintzailea

 

Zelan heldu zinen Euskal Herrira?
Nigeriatik Italiara bidaiatu nuen hegazkinez, eta handik Valentziara, 2003an.Valentzian krisia zegoen, eta, Euskal Herrian lana zegoela-eta, 2009an etorri ginen. Nire herrian Erizaintza ikasketak egin nituen. Valentzian eta hemen ikastaroak egin ditut, eta Astarloa egoitzan praktikak egin ditut. Hiru urtez nagusiak zaintzen egin dut lan, eta lana topatzen nabil orain. Euskaraz ez jakiteak zaildu egiten digu, baita beltza izateak ere. Kolorearena zaharren partetik izaten da batez ere; gazteak ondo nahasten dira. Jendea asko gustatzen zait, eta oso lasai sentitzen naiz. Durangon, Asociación de Mujeres con Futuro elkartean nabil, krisiaren aurrean babesa ematen.

Ez zara nigeriar sentitzen, ezta?
Nigerian hainbat herri eta kultura daude. Gu, adibidez, kristauak gara. Gure herria Biafra da, eta haren askatasuna eskatzen gabiltza.

 

MOHAMMED LARBI ALBOUHMI

- Ermua,  40 urte.

- Fruta dendako behargina

 

 

 

 

 

Marokotik Iurretako fruta dendara.
Tangerretik nator, baina berberea naiz, Arrifekoa. Duela sei urte etorri nintzen. Nire lehengusuak denda batzuk zabaldu zituen, eta bertan nabil beharrean duela laupabost urtetik. Hasieran jendeari kosta egiten zitzaion sartzea. Badakizu, begiradak-eta... Baina tratua eduki eta gero, kitto. Euskalduna oso atsegina da.  Ez dut arazorik eduki, erlijioagatik ere ez. Orain ramadanean gaude.

Jende ugarik egiten ditu erosketak...
Euskaldunak, pakistandarrak, berbereak, espainiarrak, arabeak... Bakoitzak bere pentsaera dauka, baina ondo tratatzea da gakoa. Jendea pozik dago gugaz.

Eta euskara apur bat badarabilzu!
Ni euskaltegian ibili nintzen hilabetez, eta orain jendeagaz praktikatzen dut. Kartelak ere euskaraz ipintzen ditugu, udalak aukera eskaini zigulako. Gu ere berberea erabiltzen saiatzen gara Marokon.

 

MARTA PARRA

- Elorrio, 33 urte.

- Pieza muntatzailea

 

Noiz etorri zinen Kolonbiatik?
2004an etorri nintzen. Kolonbian boluntariotzan zebilen elorriar bategaz irteten hasi nintzen, eta, hona etortzeko arazoengatik, ezkontzea erabaki genuen. Haurdun geratu nintzen, eta Kolonbian egoera zaila denez, hemen geratzea erabaki genuen. Ordura arte ez neukan buruan Kolonbiatik irteterik. Gainera, lagunak eta familia han uztea kosta egiten da. Hemen bizitza oso ona da, baina beti dut buruan bueltatzea. Azkenean, ez zara hemengoa ez hangoa. Han gauza asko galdu dituzu, eta ez zara hango sentitzen.

Euskara ikasteak lagundu dizu, ezta?
Jende solidario eta atsegina zaretela ikusten da, baina kuadrillan sartzea asko kostatzen da. Gu gara gehien ahalegindu behar garenak, baina integrazio ekintza gehiago falta da. Euskarak ate asko zabaltzen ditu, eta AEKri asko zor diot, baita Berbalagun taldeari ere; ekintzen bidez, konturatu barik gizartean sartzen zara.

 

HAILING ZHOU CHEN

- Durango,  43 urte.

- Ostalaria

 

 

 

 

 

Panda jatetxea zabaldu zenuten.
1987an etorri ginen Durangora. Orain ez bezala, Txinan nahiko zaila zen lana topatzea, eta hemen lan egitea zen gure asmoa; bestela, zer egin? Batez ere ostalaritzan lan egin dut. 1994an, Panda jatetxea zabaldu genuen, eta hasieran kosta egin bazitzaigun ere, apurka-apurka ospea hartu zuen. Baina duela urte bi erre egin zen. Estimu handia nion jatetxeari, eta pena itzela hartu nuen. Bezero asko genituen. Gero Madalenan zabaldu genuen jatetxea, eta bizitzako beste etapa bati ekin genion. Zorrei aurre egiten gabiltza orain.

Jaso al duzu inoiz irainik?
Ez, jendeagaz ondo konpondu naiz. Bestalde, atzerritarrentzat beti da gogorra gizarteratzea. Txinatarrak, gainera, beti gaude etxean edo lanean. Nik urte asko daramatzat hemen, eta gaztelaniaz berba egiten dut zerbait, baina batzuek ez dute ezer egiten. Asko Txinara bueltatu dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!