Gure Esku Dago: "Iazkoak etorri daitezela beste bati eskutik oratuta; itzela litzateke!"

Anboto 2015ko eka. 19a, 09:00
Aitor Odiaga, Itziar Berrio eta Gorka Madrazo Abadiñoko, Zornotzako eta Durangoko Gure Esku Dagoko kideak.

Erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko egun osoko jaia antolatu du Gure Esku Dagok Euskal Herriko bost hiriburutan. Bilbon, San Mamesen izango da ekitaldi nagusia, 17:30ean. Goizean, Euskalduna zubia eta Areatza lotuko dituen oihal katea egingo dute. Gure Esku Dagoren Bilboko dendan (Buenos Aires, 3), sarrera erosi daiteke oraindik. Aitor Odiaga, Itziar Berrio eta Gorka Madrazo Abadiñoko, Zornotzako eta Durangoko Gure Esku Dagoren taldeetan daude.

Iaz, 150.000 lagun pasa batu ziren, erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko, Durango eta Iruñea lotu zituen giza katean. Hori gainditu gura duzue domekan? Ez da erronka txikia.
Itziar Berrio: Hori da helburua. Urterik urtera gero eta herritar gehiago batzea. Giza katea egin ostean, erraz ikusten genuen, oihartzun handia izan zuen eta. “Datorren urtean gehiago!”, pentsatu genuen. Aurten, probintzia bakoitzean ekitaldi bat egingo dugu, inork ez dezan hurbiltzeko aitzakiarik izan.

San Mames berria beteko da?
I.B.: Horretarako gabiltza lanean. Egia da azken orduan ibiltzen dela jendea; iaz ere horrela gertatu zen. Zornotzan 860 sarrera hartu ditugu, eta erdia baino gehiago saldu. Gure esku utzi dute sarrera kopurua, baina ikusi dugu batzuek larregi eskatu dituztela, beste batzuek gutxiegi... Sentsibilitatearen araberakoa izango da erantzuna.
Aitor Odiaga: Abadiñon 300 eskatu, eta ia guztiak saldu ditugu. Hala ere, hauteskundeek guztia atzeratu digute. Azkenean, hamabi egun baino ez ditugu eduki sarrerak saltzeko. Athleticek Errege Kopako finala jokatu arte ere itxaron behar izan dugu.
Gorka Madrazo: Astiro, baina bagabiltza sarrerak saltzen Durangon ere. Asko dabiltza galdezka ea noiz arte dagoen erosteko aukera.

Zer eskatzen diozue herritarrei?
I.B.: Inork ez dezala ahaztu iazko ekainaren 8an zeinen gauza handia egin genuen. Bezperan ez genuen uste beteko genuenik, eta azkenean... Abadiñon izan ginen gu, eta gogoan dut zer zioten: “Telebistan agertu da! Bete-beteta dago!” Oso-oso hunkigarria izan zen. Jendeak ez dezala hori ahaztu. Bilbora joatea errazagoa da, eta egun osoko jaia da. Polita izango da San Mames betetzea, baina hartu daiteke parte goizean ere, oihal katera joanda.

Egitarau zabala antolatu duzue domekarako, Bilbon.
A.O.: Oihal katea egingo dugu, 12:00etan. Bilboko zazpi zubi batuko ditugu, Euskalduna zubia eta Areatza artean. Zazpi zubiek zazpi herrialdeak sinbolizatuko lituzkete. Errekaren alde bietatik joango da; eskualde bakoitzari bere zatia dagokio.

Horretarako ere beharrezkoa da jendearen parte-hartzea?
I.B.: Bai, eta ez da sarrerarik behar, hurreratu, eta ekitaldian parte hartzea baino ez: adibidez,  su artifizialak jaurtiko dituzte, eta adarra eta txalaparta joko dituzte. Jai giroa egongo da.

Herritarren borondatea batu gura duzue oihal kate horregaz.
A.O.: Desberdinen arteko lana da erakutsi gura duguna. Hogei zatitan banatutako oihalak josi dira herrietan egindako Joste Egunetan; norbanakoek herri honentzat gura dutena idatzi dute zati bakoitzean. Sentsibilitate desberdinak josi dira. Bilbon, horiekin egingo dugu oihal katea, gero San Mamesera eramateko; han, hautetsontzi erraldoi bat estali gura dugu, desberdinen arteko borondatea islatzeko.
I.B.: Gure gizartean ideologia, izaera eta helburu desberdinak dituen jendea dago, eta, denak batu gura ditugu. Ez da abertzaleen batura, independentistena ere ez, denon batura da. Erabakitzeko eskubidea eskatzen dugu, bakoitzak erabaki dezan herri honentzat onena zer den.

Zelan joan dira Durangaldean Joste Egunak?
G.M.: Oso ondo joan dira. Durangon egia da lasai hasi ginela, baina, azkenean, oso ondo joan zen. Plaza bete zen, desberdinak elkartu ginen, eta ekitaldi benetan polita izan zen .

Domekan, zelan espero duzue erantzungo duela herriak?
G.M.: Iazkoa handia izan zen, eta horrek ere indarra ematen dio. “Iazkoa itzela izan zen, eta aurten ezin dut hutsik egin!”, sentsazio hori sumatzen dut.
I.B.: Euskal gizarteak askotan azken-azkenean erantzuten du. Iaz, giroa beroago zegoen, ez zen hauteskunderik izan –ez ditugu gauzak nahastu gura izan–. Era berean, egia da udan asko galdu zela: ekainean, oso bero zegoen jendea, baina udan geldialdia egon zen, eta hori berriro martxan jartzea kosta egin da.
A.O.: Iaz, bost-sei hilabete arinago hasi ginen metroak saltzen, eta apurka-apurka berotu zen giroa. Epeekin estu ibili gara oraingoan.

Kirol, kultur eta politika arloko 100 lagun inguruk parte hartzera deitu dute. Atxikimendu gehiago izan dira oraingoan.
I.B.: Horrek ere mugituko du jendea, baina beldur gara berandu ez ote gabiltzan. Iazkoak etorri daitezela beste bat eskutik oratuta; itzela izango litzeke!

Zein da Gure Esku Dago mugimenduaren helburua?
I.B.: Politikoen zein beste inoren zain egon gabe, guk mugitu eta erabaki behar dugula erakutsi nahi dugu. Aldaketa handiak herriaren eskutik datoz. Eskozian eta Katalunian herriak mugitu behar izan du erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko. Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu, eta gure unea da.
A.O.: Guk erabaki behar dugula erakustea, gure esku dagoela. Herritik sortutako mugimendua da, inoren laguntzarik gabea. Lan handia eskatzen du, baina askeago ere bagara.

Gizartea prest dago?
I.B.: Bai, baina zaila da politika kontuan hartu gabe horrelako makineria martxan jartzea eta hainbeste jende mugitzea.
G.M.: Baina jendea prest agertzen da laguntzeko.

Erlazionatuak

Oihal katea Bilbon

Anboto 2015 eka 19 Bizkaia

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!