Durangaldeko III. Kopla Txapelketan, taldeka ariko dira bertsolariak, bariku honetan

Anboto 2015ko eka. 15a, 09:17

Iazko kopla txapelketaren amaieran, parte hartzaile guztiak kantuan.

Aurreko bi urteetan bezala, bertsozaleen topaleku izateko helburuagaz, baina formatu berriagaz, antolatu du Durangoko bertso eskolak Durangaldeko III. Kopla Txapelketa. Ekainaren 19an, Durangoko Plateruenean egingo dute saioa, ohi bezala, baina bakarka barik, taldeka lehiatuko dira, aurten, bertsolariak. Aurrekoetan bezala, lehenengo, Plateruenean afaltzera elkartzeko, eta, afalostean, bertsolarien lanagaz gozatzeko proposamena egin dute.


Durangaldeko zortzi bertsolarik parte hartuko dute, datorren barikuko kopla txapelketan. Bi taldetan banatuta lehiatuko dira: Areitistak eta Mardaristak taldeak osatu dituzte antolatzaileek. Unai Iturriaga, Miren Amuriza, Txaber Altube eta Garikoitz Sarriugarte egongo dira talde batean, eta Igor Elortza, Gorka Lazkano, Aitor Bizkarra eta Peru Magdalena bestean.

Enea Pinillos bertsozalea da txapelketaren antolakuntzan dabilenetako bat, eta, bere berbetan, “batez ere bertsolariak larregi ez kargatzea” izan da formatu aldaketaren arrazoia: “Datorren urtean, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa izango dute Plateruenean parte hartuko dutenetariko askok, eta bertsolarientzako saio eroso eta lasaia antolatu gura izan dugu”. Pinillosek adierazi du formatu honegaz arinagoa izango dela saioa, eta giro polita sortuko duela taldeen arteko lehia horrek.  

Durangaldeko gai-jartzaile taldeak prestaturiko gaien inguruan egin beharko dute koplatan txapelketa honetan parte hartzen duten bertsolariek.

Bertsozaleak epaile
Durangaldeko sei bertsozale hautatzen dituzte txapelketako epaia emateko. “Pertsona horiek inguruko publikoaren iritzia zein den jasotzen dute epaia emateko”. Bi sailkapen faseren ondoren aurrera egitea lortzen duten bi bertsolariek jokatuko dute buruz burukoa, III. Kopla Txapelketaren irabazlea nor den erabakitzeko.
Kantatuko duten zortzi bertsolariak ez ezik, Josu Zabala musikari otxandiarra ere gonbidatu dute ekainaren 19ko Platerueneko emanaldira.

Ehundik gora lagun elkartu izan dira Plateruenean, aurreko bi edizioetan, eta, aurten ere, eskualdeko bertsozale guztiak daude gonbidatuta afaritara zein osteko saioa entzutera joatera. Txapelketa antolatu zen lehenengo urtean, 2013. urtean, Beñat Ugartetxeakirabazi zuen, eta, iaz, Unai Iturriagak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!