Udal hauteskundeak 2015

Ustekabe barik eratu dira hurrengo lau urteotarako udalbatzak Durangaldean

Anboto 2015ko eka. 13a, 14:51

Kolore aldaketak Elorrion eta Mallabian izan dira. EH Bilduko Idoia Buruaga izango da Elorrioko alkate, Herriaren Eskubideak zuri bozkatu eta gero. Mallabian EAJk eskuratu du alkatetza, eta Igor Agirrek hartu du aginte makila. Durangon, PSE-EEren aldeko bi botoei esker Aitziber Irigoras jeltzaleak alkate karguan jarraituko du legegintzaldi honetan. Irigorasek esan duenez, "ohorea da durangarren alkatea izatea". Gaineratu duenez, "langabezia da durangarren arazo nagusia eta arlo horretan lagundu gura dugu".

 

Dani Maeztu EH Bilduko zerrendaburuak berriz, herritarrekin batera lan egingo dutela esan du, hartutako 201 konpromisoak betetzeko. Legegintzaldi honetan lehenengoz politikagintzaren ibilbideari ekin dion Herriaren Eskubidea (Podemos) alderdiko Julian Ríosek "sistema injustua" aldatzen saiatuko direla eta "politika sozialen alde" egingo dutela azaldu du. 

Zornotzan Andoni Agirrebeitiak hartu du aginte makila David Latxaga alderdikide jeltzalearen eskutik. Agirrebeitiak dioenez, alderdi politikoekin eta eragile sozialekin lan egin gura du "denontzat erakargarria den herria" eraikitzeko. EH Bilduko Urko Lopezek berriz, bere alderdiaren ildoak zeintzuk izango diren argitu du: "Erabakitzeko eskubidea, parte hartzeari bideak irekitzea, instituzioen gardentasuna eta krisiari aurre egitea". Alba Gutierrez Hiri Ekimena plataformako zinegotziaren berbatan, oposizio "eraikitzailea" izan gura dute: "Gogotsu gaude", gaineratu du.  

Zaldibarren, Arantza Baigorrik (EH Bildu) alkate jarraituko du beste lau urtez. Bere berbaldian bere birraitona nafarra, fusilatua izan zena, ekarri du gogora. Era berean, azaldu duenez, "bestelako politika bat egiten badakigula erakutsi dugu". 

Berrizen, Orlan Isoirdek alkate izendatu eta gero, bozka eman diotenei eskerrak eman dizkie. Oposiziotik Karmen Amezuak "murrizketen kontra eta udal garden baten alde" egingo dute iragarri du. 

Ezusteko barik igaro dira gainerako bilkurak Durangaldeko udaletan. Abadiñon, Jose Luis Navarrok alkate jarraituko du, baita Iñaki Totorikaguenak Iurretan, Gontzal Sarrigoitiak Garain eta Endika Jaiok Mañarian. Atxondon Rosa Elizburuk David Cobos EH Bilduko alderdikideari eman dio testigua. Otxandion eta Izurtzan ere EH Bildu izango da gobernuan, Urtzi Armendarizek eta Lorea Muñozek lekukoa hartuta.

 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!