Elorrioko udal aretoan ikusmin handia izan da gaur goizean. EH Bilduren eta EAJren berdinketa Herriaren Eskubidea alderdiak hautsiko ote zuen zen zalantza. Azkenean Juan Pedro Gallastegi zinegotziak zuriz bozkatu du, eta horrek EH Bilduko Idoia Buruagari alkatetzara heltzeko atea zabaldu dio. Buruagak bere berbaldian, eztabaidarako deia egin du: “Eztabaida dezagun. Elorriarrek eskertuko digute”. "Elorrio aitzindaria izan da esparru askotan, eta elkarbizitzan ere aitzindari izan gaitezkeela uste dugu". EAJk berriz, oposizio arduratsu eta zorrotza egingo duela aurreratu du “Ezker Abertzalearen diru-xahutze garaira ez bueltatzeko”. Herriaren Eskubidea alderdiko Gallastegi zinegotziak berriz, “gaiz gai bi indar politikoekin adostasunak bilatzen” saiatuko direla azaldu du.
EAJ hiru botorengatik
Mallabian ere alkatetzan aldaketa izan da. Hiru botoren aldeagatik EAJk bost zinegotzi lortu zituen maiatzaren 24ko hauteskundeetan. Beraz, gaur goizeko 12:00etan EH Bilduko Mila Mondragonek aginte makila eman dio Igor Agirreri hurrengo lau urteotan Mallabiko gobernu taldearen buru izan dadin. Agirrek azaldu duenez, "Mallabia herri plurala da eta denen artean lan egitea beharrezkoa izango da"