Kooperante gazteak: "Genero indarkeriaren aurka lan egiten duen zentro batera goaz"

Anboto 2015ko eka. 14a, 10:00

Iratxe Agirre (Iurreta, 1994) eta Iraia Derteano (Abadiño, 1989) Guatemala aldera bidaiatzeko prestaketetan dabiltza buru-belarri. Medicus Mundi gobernuz kanpoko erakundearen bidez, kooperante beharretan ibiliko dira, genero indarkeriaren aurka lan egiten duen zentro batean. Uztailaren 9a heltzeko irrikitan daude biak.

Zelan sortu zaizue Guatemalara joateko aukera?
Iraia Derteano: Hasieran, Gazteaukera gazte atarian izena eman genuen. 600 lagunen artetik 200 inguru hautatu gintuzten. Ondoren, Barrian, topaketa batean parte hartu genuen, eta talde-lanean jarri gintuzten. Hitzaldiak ematera ere etorri ziren.

Elkarrekin joan gura zenuten?
Iratxe Agirre: Aurretik elkar ezagutzen genuen arren, elkarrekin joatea kasualitate hutsa izan da. Ekimenaren barruan hainbat proiektu zeuden, eta egitasmo bera egokitu zaigu.

Proiektu hau egokitu zitzaizuenean, zer pentsatu zenuten?
I.A.: Emakumeen kontrako indarkeria lantzen duen zentro batera goaz, eta, ikasturte bukaerako proiektua ere ildo horretatik landu gura dudanez, oso pozik nago.
I.D.: Proiektuaren inguruan ez dugu datu gehiago. Dakiguna da medikuntza ikasten dabilen Tolosako neska bat ere gugaz etorriko dela. Uztailaren 9an joango gara, baina azalpen gehiago emango dizkigute lehenago.

Zer zabiltzate ikasten?
I.A.: Ni Ekonomia ikasten nabil, eta garapenaren arloan egingo dut ikasketa amaierako lana. Latinoamerikako emakumeen egoera sozioekonomikoa izena du proiektuak, beraz, Guatemalako kasua aztertuko dut. Koadernoagaz joateko eta oharrak hartzeko esan didate.  
I.D.: Irakaskuntza eta Gizarte Integrazioa ikasi nituen, eta orain hezkuntza sexualaren inguruko ikastaro batean nabil.

Kooperazio arloan baduzue esperientziarik?
I.A.: Harritu egin gintuen Guatemalara joateko gu aukeratzeak, kooperazio arloan ez dugulako esperientziarik. Lehenengo harremana izango da, eta bete-betean sartuko gara.

Zer sentsazio duzue?
I.D.: Itzelezko gogoa dut joateko. Eguaztenean, proiektu bat aurkeztu behar dut, eta ezin naiz kontzentratu. Guatemalari buruzko liburu bat irakurtzen nabil, Interneten informazioa bilatzen, txertoak emateko zain nago...
I.A.: Medicus Mundikoek esaten digute nortzuk ezagutuko ditugun han, eta gura duguna han egotea da. Desiratzen gaude bertara joateko.

Guatemalan, nora joango zarete?
I.A.: Guatemalako hiri handienetako batera goaz, Xela hirira. Ez dugu arazorik, badakigulako GKEaren babesa izango dugula. Hiriak baditu abantailak. Esate baterako, herrixketan, txarto ikusita dago emakumeek edatea, baina hiri batean ez da hori gertatzen.

Emakumeek Guatemalan zelako egoera bizi dute?
I.D.: Proiektuaren inguruan hitzaldi bat eman ziguten, Barrian. Guatemalako neska batek kontatu zigun Gobernuan dagoena militarra izana dela. Talde militar horretako kideek neskak bortxatzen zituzten, beraz, pentsa zer egoeratan bizi diren.
I.D.: Gure zentroan emakumeekin eta gizonekin lan egiten dute. Ugalketa sexualaren inguruko eskubideak lantzen dituzte, emakumeei laguntza juridikoa eskaintzen diete. Hortaz, zentro honetan laguntza osoa ematen diete emakumeei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!