Arrasateko etapak ustekabekoak utzi zituen. Alde batetik, Niewiadoma poloniarrak sasoi betean dagoela erakutsi zuen eta 20 urte besterik ez dituen arren, Emakumeen Bira irabazteko hautagaien artean egon daiteke. Bestetik, Anna Van der Breggen herbeherearrak, Bira irabazteko faborito nagusiak, denbora dezente galdu zuen eta asko kostatuko zaio galdutakoa errekuperatzea. Txirrindulari biak Rabo Liv taldean dabiltza, munduko talderik indartsuenean. Marianne Vosek Birara ez zela etorriko iragarri zuenetik, Van der Breggen zen taldeburua, baina atzoko etaparen ostean, beharbada, lehentasunak aldatu egin beharko dituzte.
Atzo etapa hasiera lasaia izan zuten. Ondoren, Kurtzeta 2. mailako mendateak sei txirrindulariren taldetxoa eratu zuen: Emma Johansson, Katarzyna Niewiadoma, Megan Guarnier, Tatiana Riabchenko eta Ana Sanchis. Van der Breggenek ezin izan zuen taldetxoaren erritmoa jarraitu. Niewiadoma, aldiz, lehenengo tokian igaro zen mendate gainetik. Jaitsieran Guarnier eta Sanchis atzean geratu ziren.
Amaierarako zortzi kilometroren faltan dena aldrebestu zen. Buruan zihoazen lau txirrindulariek okerreko irteera hartu zuten biribilgune batean. Ondorioz, antolakuntzak lasterketa geratu zuen. Lau txirrindulariak bide onera bueltatu eta, tropela zain zutela, aurrera egin zuten errakuntzaren aurretik zuten aldea berriro lortu arte. Lauko taldea elkarrekin heldu zen helmugara eta esprint estuan Guarnier estatubatuarrak irabazi zuen.
Sailkapen nagusia estu dago; lau txirrindulari zazpi segundoren barruan daude. Niewiadoma da Emakumeen Birako lider berria. Ashleigh Neilman bigarren tokian dago denbora berdinean. Johansson eta Guarnier bi eta zazpi segundora daude, hurrenez hurren. Anna Van der Breggen, aldiz, 1.34ra dago. Eider Merino lehenengo euskalduna da 41. tokian.
Gaur, Maruri-Fruiz
Birako bigarren etapa gaur 16:00etan hasiko da Marurin. Libao-Arrieta mendatea (3. Maila) birritan igoko dute 18:15 inguruan Fruizen helmugaratu aurretik.