50 urteko lanari esker ona

Anboto 2015ko eka. 7a, 15:51

Gerediaga elkarteak 50. urtemugako ekitaldia burutu du gaur Astolan. Sortzaile, juntakide eta bazkideen ekarpena eskertu ditu Nerea Mujika lehendakariak; hain zuzen ere, juntakide izan diren guztiak omendu dituzte eta oroigarria eman diete.

Durangoko Orfeoiaren kantaldiagaz eta L'Atelier dantza akademiako dantzarien emanaldiagaz hasi da ekitaldi nagusia. Jende ugari bertaratu da, eta Nerea Mujika lehendakariak elkartearen zuzendaritzaren izenean botatako mezua entzun dute. Eskerrak eman eta urteotako lanari balioa emateaz gainera, irakurketa kritikoa egin du Mujikak. Eskualdetasun sentimendua aldarrikatu du. Durangaldearen nortasuna zaindu, ikertu eta zabaltzeko helburuz jaio zen elkartea, eta euren ustez, Durangaldetar sentimendua ahuldu egin da. Baina, sentimendu edo kontzientzia hori indartzeko lanean jarraituko dutela adierazi du Mujikak. Gainera, erakunde eta elkarteei zuzenduta, euren bidelagun izan gura dutela esan du.

Juntakide izandako guztiak omendu dituzte bakoitzari oroigarri bana emanez. Sortzaile izan ziren Astola ahizpetako batek berba egin du jendaurrean, sortzaile izateagatik harro daudela azaltzeko. Gerediagaren lana nabarmendu eta horretan jarraitzeko deia egin du. Bestalde, urteotan hil diren juntakideak ere gogoan izan dituzte.

Ekitaldi nagusiaren aurretik tailerrak egon dira Astolan, eta etorkizuneko lehentasunezko ikerketa gaiak zeintzuk izan ahal diren aztertu dute adituekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!