“Lehiakorrak gara eta dugun dena emango dugu”

Anboto 2015ko eka. 4a, 15:58

Durangaldeko lau lagunek mendi bizikletako Bartzelona-Donostia Powerade Non Stop proban parte hartuko dute. Barikuan 16.00etatik aurrera 50 ordu izango dituzte Bartzelonan hasi eta gelditu barik erreleboka Donostiara heltzeko. Guztira, 740 kilometro.

Asier Iturriagaetxebarria (Abadiño, 1981), Jon Sarasua (Abadiño, 1981), Ekaitz Barrainkua (Berriz, 1981) eta Gaizka Barrainkuak (1986, Berriz) osatzen dute Ciclos Iturriaga-Cumenor taldea. Bihar hasita zortzi etapa dituzte aurretik. 740 kilometroak erreleboka egin behar dituzte. Etapak bakarka burutu beharrekoak dira eta hasieratik amaierara heldu arte ezin dute ezelango laguntzarik jaso: elikadura, matxurak… dena bizikleta gainean doanaren ardura da; eta etapa bakoitzean amaierara heldu ezik, talde osoa deskalifikatuta geratuko da. 

Talde lanaren balioa estrategian erabiliko dute: etapa batzuk besteak baino exigenteagoak dira eta taldekide bakoitzaren dohaiak kontuan hartuta banatu dituzte euren artean. Etaparik laburrenak 43 kilometro ditu eta luzeenak 147 kilometro.

Guztira 110 taldek (bi, hiru edo lau partaidekoak) edo norbanakok parte hartuko dute eta batzuk profesionalak dira. Horregatik, proba irabaztea ezinezko ikusten dute, baina ez doaz garaipen bila: “Gozatzea eta elkarrekin ondo pasatzea da gure helburua”, dio Iturriagaetxebarriak: “Asteburua elkarrekin igaro, toki berriak ezagutu… horren bila goaz”, gehitu du Sarasuak. Horrek ez du esan nahi egunpasa joango direnik: “Lehiakorrak gara eta dugun dena emango dugu”, segurtatu du Gaizka Barrainkuak. Gaizkak belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen iaz eta aurtengo martxo amaieran berriro ebakuntza egin zioten. Oraintsu, Errioxan hiru etapako lasterketa bat amaitu du eta “ondo aurkitu naiz”. Beraz, denak sasoi onean daude.

Eneko Zarandona (Durango, 1984) ez da bizikleta gainean ibiliko, baina bere ekarpena ere funtsezkoa izango dute Ciclos Iturriaga-Cumenor taldean. Euskarri mekanikoa eskainiko die eta etapatik etapara furgonetagaz ibiliko da: “Euren deskantsua ahalik erosoena izan dadin saiatuko naiz”, dio.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!