Iurreta, Mallabi eta Markinako abeslariak, Benito Lertxundiren kantek elkartuta

Anboto 2015ko eka. 2a, 09:00

Ekainean, hiru emanaldi eskainiko dituzte Iurretako, Mallabiko eta Markinako haur eta gazte kantariek, hiru herri horietan. Mallabian eskainiko dute lehenengoz azken hilabeteetan prestatzen ibili diren Benito Lertxundiren kantetan oinarrituriko emanaldia, ekainaren 6an.

Markinan kantatuko dute ekainaren 20an, eta Iurretan 27an. Uztaileko lehenengo asteburako ere jaso dute proposamena, eta formatu txikiagoko emanaldia eskainiko dute, Urkiolan. Iurretako, Mallabiko eta Markinako ia ehun abeslarik eta Durangaldeko hainbat musikarik parte hartuko dute emanaldietan.

Uxue Alonso Iurretako eskolako abesbatzako zuzendariak proposaturiko ekimena da. Azaldu duenez, Benito Lertxundiren kantak abesten zituen umeen abesbatza baten bideoa ikusi zuen Interneten, eta antzeko zerbait egiteko gogoa sortu zitzaion. “Betiko kantak dira, bereziki politak umeen ahotsean, entzuleak hunkitzen dituztenak”, azpimarratu du. Bi, hiru, eta lau ahotsetara eskainiko dituzte kantak, “orkestrarako moldaketa oso politekin”.

Iurretako eskolan ikasturte honetan sortu dute abesbatza. Uxue Alonsok proposatu zuen abesbatza eskolaz kanpoko jarduera gisa, eta Lehen Hezkuntzako hamazazpi umek eman zuten izena. Jendaurrean kantatuko duten lehenengo aldia izango da ume horientzat ekainaren 6koa, baina duela urte batzuk abesbatzan ibilitako bost emakumek osaturiko Lamiñamak taldeko kideek ere parte hartuko dute ekimenean. “Hau egiteko jende asko behar zen; ezin nuen bakarrik aurrera eraman”, azaldu du Uxue Alonsok. “Iratxe eta Itxaso lagunak ditudanez, Mallabiko eta Markinako taldeei proposatu nien elkarrekin jardutea”.

Elkarlanerako gogoz
Mallabiko kasuan, umeen zein helduen abesbatzek parte hartuko dute hiru emanaldiotan: 23 eta 36 urte arteko zortzi mallabitarrez osatutako taldeak, eta 25 umegaz oraintsu sortutakoak.

Markinako umeen abesbatza zuzentzen 1997. urtetik dabil Itxaso Jaio, eta herriko ikastetxe bietako 43 umegaz egiten du lan. “Oso pozik eta ilusio handiagaz hartu genuen Uxueren gonbidapena”, azpimarratu du Jaiok, “ez dugulako aukera askorik edukitzen beste jende bategaz kantatzeko, harremanak egiteko, eta elkarlanerako”.

Orkestra bat ere osatu dute hiru emanaldi hauetan zuzeneko musika ipintzeko. Durangaldeko musikariak dira orkestrako kide gehienak, eta Bilbotik etorriko dira beste hainbat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!