AHTa: tunelaren amaierara heldu ezinik dabilen proiektua

Anboto 2015ko mai. 29a, 09:00
AHTarentzako zubia, trenbide alboan, Zornotzan. (Argazkia: Lehior Elorriaga)

Abiadura Handiko Trenaren (AHT) proiektuak ez du sasoi ona bizi. Krisi ekonomikoak moteldu egin du obraren garapena, eta tren linea martxan jartzeko epea asko atzeratu da. Espainiako Gobernuak eman duen azkenengo data 2019koa da, baina, lanak nahiko aurreratuta egon arren, ez da erraza izango oraindik geratzen den obra guztia hiru urte eta erdian egitea. 2006an hasi ziren AHTa egiteko obrak Lukun (Araba), eta tunelaren amaierara heldu ezinik dabilen proiektua da.


Gainera, AHTaren funtzioari eta errentagarritasunari buruzko zalantzak ugaritu egin dira azkenaldian. Espainiako Ekonomia Aplikatuaren Ikerketen Fundazioak landutako azterketa baten arabera, Espainiako Estatuan ez dago abiadura handiko linea errentagarririk, ez ekonomikoki, ez sozialki. Ibon Areso Bilboko alkateak ere errentagarritasun ekonomikoaren inguruan zalantza agertu du, garapenaren ikuspuntutik beharrezko ikusten duen arren. Bestalde, Germá Bel katedratiko katalanak berbaldia eman zuen Eusko Legebiltzarrean EH Bilduk eskatuta, eta AHTa “elitearentzako trena” izango dela adierazi zuen.

Izan ere, ez dago argi zein izango den bidaiaren prezioa, eta ezta iraupena zein izango den ere. Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroak esan du AHTaren abiadura ez dela aurreikusitakoa bezain arina izango, eta Bilbotik Donostiara joateko 55 minutu beharko direla azaldu du –hasieran baino ia hogei minutu gehiago–.

“Gelditu, orain”
Hori gutxi baliz, AHTaren aurkako mugimendu herritarra berpizten hasi da. Euskal Herriko hainbat eragilek AHT gelditu orain! manifestua zabaldu dute, eta mobilizazioak deitu dituzte hurrengo egunetarako. Deitzaileen artean daude AHT Gelditu Elkarlana, Ekologistak Martxan, Eguzki, Fracking Ez taldea, LAB, ESK, EHNE eta CNT. Bihar, Atxondo izango da AHTaren aurkarien bilgune. 10:00etan mendi martxa egingo dute, umeek zein helduek egiteko modukoa, eta AHTak herrian izango lukeen eragina ezagutuko dute. Izan ere, Atxondo da oraindik AHTaren obrak hasi ez dituzten herri bakarra. 15:00etan bazkaria izango dute, eta 17:00etarako ekitaldia iragarri dute. Biharko deialdiaz aparte, ekainaren 13an manifestazio nazionala egingo dute Donostian, 17:30ean, Alderdi Ederretik hasita.

AHTa, “erokeria”
Manifestuaren sinatzaileen arabera, AHTaren proiektua “erokeria” da, eta gelditzeko ordua heldu da: “Zenbat eta gehiago itxaron proiektu hau geldiarazteko, ezbehar ekologikoa are handiagoa izango da, eta galera ekonomikoak eta ondorio sozialak are sakonagoak”.

Durangaldean hasi barik dauden obren egoera

Atxondo-Abadiño: 6,6 km.
Espainiako Gobernuak lizitatu du, baina udalak dio ez dagoela amaierako proiekturik. 2007az geroztik, txostenei akatsak topatu dizkie udalak, eta egitasmoa trabatu du.

Elorrio-Elorrio: 2,9 km.
Aurten lizitatu dute. Bergarako lotunearen barruan dago, eta Elorrio, Arrasate eta Bergara batzen ditu.  Bost tarte ditu, eta lau egiteko daude.

 

 

 

 

 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!