Armando Llamosas: "Botere ikur izateko funtzioa zuen Astxiki gazteluak, militarra barik"

Anboto 2015ko mai. 23a, 10:00

Urkiolak gordetzen duen ondarea aztertzeko Jaurlaritzak abiatutako egitasmoaren barruan hasi zituzten indusketak Astxikin, 1994an. Gerediaga Elkartearen esku utzi zuten mendizaleek han aurkitutako hainbat material, eta horrek Astxikik gordetakoak ezagutzeko ikusmina sortu zuen.


Nafarroaren eta Gaztelaren arteko borroketan erreferentzia bakarrenetarikoa da Bizkaian Astxiki?
Ez, bospasei gaztelu daude. Hala ere, Malmasin mendian dagoena da dokumentatuta dagoen bakarra. Egia da testuinguru horretan kokatzen dela Astxiki, baina zehatz-mehatz ez dakigu ezer.

Defentsarako barik, ikusia izateko gaztelua zen Astxikikoa?
Gazteluagaz batera, burura datorkigu herritxoren bat edo egon zitekeela, adibidez. Baina Astxiki mendi puntan dago. Bertaratzen bazara, agerikoa da ez zela defentsarako baliagarria; behealdean bospasei lagun ipiniz gero, neutralizatuta legoke gaztelua. Gainera, hortik ez da ezer babesten. Bisualki Durangaldea kontrolatu daiteke, baina oso altu dago, eta defentsarako balio hori galtzen du.

Durangalde osoa ikusten da...
Ezaugarri hori oso nabarmena da beste gaztelu batzuetan ere; Bizkaian batez ere, baina Kantaurialde osoan eta Leonen ere bai. Untzueta gazteluak (Orozko) ere badu bere historia militarra; hala ere, ikusia izateko zereginean datza bere balioa, eta ez hainbeste ekintza garrantzitsuren bat gauzatzean.

Botere sinboloa, finean.
Askotan gertatzen da hori. Gaur egungo administrazioaren eraikinekin ere bai, adibidez: militarragoak direnak, administratiboagoak, eta “kontuz, hemen gaude” esateko balio dutenak daude. Oso ondo ikusten ziren gaztelu horiek, eta botere sinboloak ziren. Astxikikoaren ezaugarri nagusia hori da.

Bizkaiko Museo Arkeologikoan daude han aurkitutako ezpatak, lantzak, aiztoren bat...
Material arrunta da topatutakoa, horrelako inguruetan agertu ohi dena. Baina testuingurutik kanpo agertu dira, indusketetan beharrean: mendizaleek aurkitu dituzte, eta testuinguruan jartzea oso zaila da.

Behe Erdi Arokoak dira.
Horrela da. Batetik, defentsarako inguruetan oso ohikoak diren gezien puntak daude –jaurti egiten direnez, erraz galtzen dira–, eta, bestetik, ezpatak. Bereizgarria dena da aurkitutako ezpata kopurua; Bizkai, Araba eta Gipuzkoan topatutako hamabost ezpatetako ia hamar Astxikin egon dira. Oso agerpen deskopentsatua da, orandik argitzeke dagoena. Toki arraroetan agertu dira, gainera: ezpata xumeak, baina militarrak dira; preziatuak berez, ez dira nola hala galtzen. Pentsa daiteke amildegitik jausi zirela edo bota egin zituztela. Horrek guztiak azalpena behar du.

Izan daiteke suntsitu nahi izana?
Oso espekulatiboa da hori, ez dugulako daturik, baina azalpen bat izan daiteke errendizioren bat, aldaketaren bat... gertatu izana, eta armak, eman beharrean, bota izana –sinbolo ikusgarria dira eta–. Baina ez dugu frogarik horrelakorik esateko.

XII. eta XIV. mendeen artean kokatu daitezke aurkitutakoak.
Datu gehiegirik ez dugu. Testuingurutik kanpo agertu da material asko, eta han dago gaztelua; erosioa handia izan da, eta ez dago maila askorik indusketak oso adierazgarriak izateko. Baina datu batzuk baditugu: Karbono 14 analisiak XI. mende hasiera eman zuen, eta XIII. mendeko txanpon batzuk ditugu. Gaitza da inor hara igotzea, besterik gabe, 1280ko txanponekin. Beraz, pentsatzekoa da tarte horretan erabili zutela gaztelua. Aintzat hartzekoa da botere ikur izateko altu eraikitako gazteluetan ez zela nahitaezkoa beti militarrak egotea. Batzuetan, beharrezkoa zenean bakarrik okupatzen ziren. Ez dugu pentsatu behar XVI. mendeko jendez betetako gazteluetan edo Gasteiz hiribilduan. Astxikiko soldadu taldea txikia izango zen.

Inor bizi zen arrastorik ez dago.
Hori esateko, ez. Baina, zeramika sigillata zati bat agertu da, eta zenbait armetan egindako analisiek erakutsi dute bizi izan zirela uneren batean. Hala ere, ezin daiteke pentsatu modu jarraian bizi izan zirenik, ez duelako merezi. Zergaren bat kobratzeko pasabidea kontrolatzeko, defentsarako... funtziorik ez du betetzen. Atxartetik eta Urkiolatik goi-lautadara heltzeko komunikazio bidea kontrolatzea ere gaitz egiten dute klimatologiak eta basoek.

Talaia izan zitekeen?  
Logikak dio baietz. Oso ondo kokatuta dago, eta azalera zabala kontrolatzen du. Baina aintzat hartzekoa da oso datu gutxi dugula.

Astxikiren funtzioa, beraz...
Alturako gaztelu oso umila zela esango nuke, botere ikurra izatea zen bere funtzioa, militarra baino gehiago.
 
Mendebaldeko aldean zegoen  dorrea, eta beste tontorreraino 1,5 metroko harresia zuen. Uharka bat ere bazegoen...
Itxura arraroa du, baina orografiak behartuta horrela izan behar zuen. Ikur edo talaia izateko handia dela esango nuke, mantentze-lan handia eskatzen du –horretarako jendea behar da–. Arraroa da, baina beste konponbiderik ez du. Amildegiaren partetik ez da behar harresirik, baina mendi magaleko hormak ikusgarria izan behar zuen. Horrek oso militarra ematen du, babesteko, nahiz eta beste datu batzuek kontrako norababidean eraman. Gauza asko dago argitzeko. Testuinguru historikoa zein zen badakigu, baina, ez dakigu zenbaterainoko parte-hartzea izan zuen: datuak falta dira guztia zehazteko.  

‘Gastelatz’ izenagaz ere ezagutzen dute Astxiki Sagastan.
Horrela da bai. Toponimia oso labankorra izan daiteke, baina oso adierazgarria da.

Erdi Aroko arkeologiari balio handiagoa emateko prozesuaren barruan daude gazteluak.  
Bai. Durangaldean ere lan asko egin da. Nekropoliekin hasi ziren, hiribilduekin jarraitu, eta gazteluak etorri dira, azkenik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!