Athletici buruzko informazioa euskaraz zabalduko du Geuria.info-k

Anboto 2015ko mai. 11a, 13:37

Aurten jaio da Geuria.info webgunea Durangaldeko hiru lagunen eskutik: Xabier Zabala, Koldo Zarate eta Markel Onaindia. Tokikom-ekin hitzarmena sinatu dute, eta Anbotoko komunitatean ikusgai egongo dira bertako artikuluak.

Tokikomek eta Athletici buruzko GEURIA.INFO agerkari digitala argitaratzen duen Zurigorriak Euskaraz Kultur Elkarteak hitzarmena sinatu dute, elkarren arteko edukiak trukatu eta publikoari eskaintzen dioten informazioa aberasteko. Webgune berriaren sustatzaileek eta Tokikomeko presidentea den Urko Aristik sinatu dute hitzarmena.

Duela urtebete sortu zen Zurigorriak Euskaraz elkartea, eta Xabier Zabalak azaldu du arrazoia: "Ez dira hedabide asko Athleticen inguruan euskaraz dihardutenak. Baina Athletic zaleen artean bada esparru euskaldun zabal bat, eta horretara iristea da gure asmoa. Gainera, futbolaren indarra eta Athletic Clubek gizartean daukan eragina kontuan hartuta, uste dugu gure lanarekin euskararen normalizazioan eragin dezakegula. Bokazio horrekin jaio da elkartea".

Urko Aristik adierazi du tokiko komunikabideek informazio xeheagoa eskaini ahalko dietela Athletic zaleei: "Euskarazko toki komunikabideen helburu nagusia euskararen sustapenean eragitea da, eta alde horretatik oso hurbil sentitzen gara Geuria.info-tik".

Hitzarmena gaur formalizatu bada ere, lankidetza dagoeneko bizirik dago, eta horren adibide da Geuria.info eta Uriola.eus atariaren artean lantzen dabiltzan dokumentala, aurtengo Errege Kopako finalaren aitzakiaz. Jokalari ohien, sortzaileen eta zaleen iritziak jasoko ditu, eta hurrengo egunetan egongo da ikusgai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!