Sasikoak lehenengo itzuli bikaina osatu zuen, eta lidergoan egon zen hainbat jardunaldiz. Baina, bigarren itzulian, behera egin zuen lesioengatik eta jokalari bi kanpora joan zirelako lan kontuengatik. Edozelan ere, denboraldiaren balorazio positiboa egin du Aitor Daroka entrenatzaileak: “Orain apur bat negatibo ikusten dugu, goian egotera ohituta geundelako, baina denboraldi hasieran taldea mailan egonkortzea zen helburua; beraz, denboraldiko balantzea positiboa da”.
Elorrioko Buskantzari kontrakoa gertatu zaio. Jokalari gazteak batu zituen taldera, eta taldeari kosta egin zitzaion dinamika hartzea. Ondorioz, lehenengo itzuli eskasa osatu zuen. Bigarren itzulia, ordea, bikaina izan da, eta mailako bigarren talderik onena izan da.
Sapuberri behera
Maila bat beherago, Euskal Ligan, Durangoko Sapuberrik azken tokian amaitu, eta maila galdu du. Bizkaiko Maila Gorenean jokatuko du hurrengo denboraldian. Elorrioko Buskantzak azken-aurreko amaitu du, eta oraindik ez daki maila galduko duen ala ez. Beste faktore batzuen artean, ikusi egin beharko da Bigarren B Mailatik arrasteak dauden ala ez. “Ez da urte ona izan”, onartu du Iker Saenz de la Cuestak, eta hurrengo denboraldirako “taldearen erreforma” iragarri du: “Gazte mailako taldea oso ondo ibili da aurten, eta horko jokalari batzuk bigarren taldera igoko dira, baina C taldeko batzuk ere bai. Taldea eraberrituko dugu”.
Berrizko Presion Break izan da Euskal Ligan txukunen ibili den eskualdeko taldea. Beti goialdean kokatuta ibili da, eta laugarren tokian amaitu du liga.
Azkenik, Mallabiak ez du mailari eusteko askorik sufritu, eta helburua bete du. Sailkapenaren erdian amaitu du denboraldia.