'Gernika' filmaren hainbat grabazio lan egingo dituzte astelehenean Durangaldean

Anboto 2015ko mai. 3a, 11:01

Atxondon, Arrazolan egingo dituzte grabazio batzuk, eta Elorrion, Leiz-Miota auzoan. Gerrako kazetaritzari buruzko filma izango da 'Gernika'.

Datozen egunetan, Durangaldeko hainbat kokalekutan grabatuko dituzte Gernika filmerako irudiak. Koldo Serra (Bilbo, 1975) da zuzendaria, eta Gernikan bertan, duela 78 urteko bonbardaketaren testuinguruan, gertatzen den maitasun istorio bat kontatzen du. Egileek azaldu dutenez, gerrako kazetarien lanari omenaldi bat ere egin gura izan diote istorioagaz.

Maiatzaren 4an hasiko dituzte filmatze lanak, eta, besteak beste, Atxondoko Arrazola auzoan ibiliko dira lanean. Zuzendariak aurreratu duenez, Seymour eta Cappa gerrako argazkilarien irudi batzuetan inspiraturiko sekuentzia da lehenengo grabatuko dutena: frontera abiatu orduko meza entzuten dauden gudarien irudia. Atxeko baserri inguruan, Agarre baserrirako bidean eta Arrazolako kanpandorrean egingo dituzte. Grabaketa lanen eraginez, autobus zerbitzuek zein bestelako zerbitzu batzuek ere aldaketak izango dituzte.
Serrak gidaturiko lantaldeak asteak daramatza filmerako kokaleku aproposak bilatzen, eta dekoratuak prestatzen. Elorrion ere egingo dituzte grabazioetako batzuk, Leiz-Miota auzoan, hain zuzen.
Malagako (Espainia) Pecados ekoiztetxeak abiaturiko proiektua da Gernika, duela hiru urte martxan ipinitakoa, eta AEBetako hainbat partaidek ere badihardu bertan.

Maria Valverde aktoreak antzeztuko du protagonistetako baten papera, eta Barbara Goenaga, Alex García, Victor Clavijo, Irene Escolar, Ramón Barea eta Elena Irureta aktoreak ere lantaldean daude. Bestalde, hainbat hautaprobatan aukeratutako milatik gora figurantek ere hartuko dute parte Koldo Serraren film honetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!