Lasterketa biak Yulia Ilinykhik errusiarrak irabazi ditu azken metroetan esprint edo abiadura berezia duela erakutsiz. Taldeak lasterketa osoan egindako lanaren erremateak izan dira, Ilinykhik berak onartu duenez: “Talde guztiak lasterketa izugarria egin du. Lan asko egin ostean nahi genuen emaitza lortu dugu”. Horrela, Euskaldun Torneoko lidertza sendotu du errusiarrak. Zapatuko lasterketan BZK Emakumeen Bira taldeko Mar Bonin txirrindulariari nagusitu zitzaion esprintean.
Barrundiako lasterketan Euskadiko Txapelketa ere jokatzen zuten eta Lourdes Oyarbiderentzat izan zen. Laugarren postuan sailkatuta lehenengo euskalduna izan zen txirrindulari arabarra: "Nahiz eta azken kilometroetan erasoak jotzen ibili esprintatzeko indarra izan dut eta Euskadiko Txapelketa irabaztea lortu dut". Gaur egun, Oyarbide Espainiako Kopako liderra ere bada 23 urtez azpiko mailan.
Bizkaia-Durangoren hurrengo erronka barikuan hasiko den Burgosko Itzulia izango da.
Alonso eta Aramendia lider gazte mailetan
Gazte mailetan nabarmentzekoa da Iurretako CAF Transport Engineering taldea egiten ari den lana ere. Barrundian Sandra Alonsok junior mailako lasterketa irabazi zuen eta Euskaldun Torneoko liderra da. Maialen Aramendia hirugarren sailkatu zen eta domekan Traña-Matienan eta barikuan Elorrion (erlojupekoa) izandako lasterketak irabazi zituen; emaitza horiekin Euskaldun Torneoko lidertzari eusten dio.