Iaz Durango eta Iruñea lotu zituen giza kateak erabakitzeko eskubidea aldarrikatzea izan zuen helburu. Aurten, beste pauso bat eman du dinamikak: erabakitzeko eskubidearen inguruko borondateak batzeari ekin dio herriz herri. Eskubide hori ideologietatik kanpo dagoen oinarri demokratiko bat dela erakustea da asmoa, hau da, ikuspegi askotariko jendea ideia horren bueltan elkartzea.
Horretarako, oihalak dira aurtengo egitasmoaren ardatz. Herriz herri kolore askotako oihalak banatu dituzte, eta bakoitzean erabakitzeko eskubidearen aldeko hogei atxikimendu jaso daitezke.
Bihar, ostera, oihal horiek elkarrekin josteko eguna izango da; jostorratza hartu, eta milaka borondatek bat egingo dute, oihal handi eta bakar batean. Abadiñon, Durangon, Elorrion, Otxandion eta Zornotzan, bihar bertan elkartuko dira; Berrizen gaurko egunera aurreratu dute. Eta Zaldibarren ere gaur hasiko dira atxikimenduak batzen.
Ondoren, ekainaren 21ean, Bilbon, Baionan, Donostian, Gasteiz eta Iruñean egun osoko jaialdiak izango dituzte. Durangaldeko oihalak Bilbora eramango dituzte. Arratsaldean, San Mames futbol zelaian egingo duten ekitaldian oihal guztiak batu, eta hautetsontzi bat irudikatuko dute, hurrengo pausoa erabakitzeko eskubidea gauzatzea dela aldarrikatzeko.
|