Basquetourrek BTT zentroaren proiektua eta hamabost ibilbideak homologatuko ditu

Anboto 2015ko mar. 31a, 09:59

Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoak Durangaldean BTT (mendiko bizikleta) zentroa ezartzeko bigarren fasea 2014 ekainean abian jarri zuen, Euskadiko BTT Zentroen sarean sartzeko. Bigarren fase honetan, Basquetourrek BTT zentroaren proiektua eta Durangaldeko udalerrietatik pasatuko diren 15 ibilbideak homologatuko ditu.

Ibilbide horiek udalerri hauetatik igaroko dira: Amorebieta-Etxano, Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Garai, Iurreta, Izurtza, Mañaria eta Zaldibar. Harrera-zentroa Abadiñoko Tornosolo Trinketeko kirol-instalazioetan egongo da kokatuta.

 

BTT Zentro hau Eusko Jaurlaritzaren zentro homologatuen sarean sartzeko, baldintza batzuk bete behar dituela azaldu du Amankomunazgoak prentsaurrekoan. Besteak beste, udal bakoitzak ibilbideek zeharkatzen dituzten bideak erabiltzeko baimena eman behar dute, beraien lurraldea zeharkatzen duten BTT-Durangaldearen ibilbide sarea osatzen duten bideen erabilera publikoa egiaztatzen dute. Era berean, baimena ematen diote Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoari bertan behar diren seinaleak ipintzeko, Eusko Jaurlaritzak, BTT Euskadi markarako Basquetour agentziaren bidez, agintzen dituen homologazioa arauei jarraituz.

 

Azaldu dutenez, Sendo S.L. ingeniaritza-enpresa bide publikoetan oinarritu da ibilbide hauek diseinatzerakoan, baina batzuetan bide horiek ez dira udalen inbentarioan agertzen. Kontuan izan beharra dago gehienetan zolatu gabeko bideak direla eta batzuk egun erabiltzen ez diren burdibide zaharrak direla.

 

Horretarako beharrezkoak izan dira hilabete batzuk, BTT Euskadiren ibilbideen ziurtagiria lortzeko, kasu batzuetan gainera ibilbide hauen balio publikoa argitu behar izan dute eta baita  hauen garrantzia, kirola egiteko zein arlo kulturalean ere.

 

BTT Euskadiren homologazioa lortu eta gero, proiektuaren azken zatia geldituko litzateke, harrera zentrua, zein ibilbideen egokitzapena, ibilbide txiki baten egokitzapena, eta seinaleztapena. Proiektu honen azken zatia, aurtengo azken hiru hilabeteetan jarriko da marxtan, eta guztira 57.800 eurotako kostua izango du Trinketearen egokitzapenerako eta zati batean ibilbideen komunikazioa zein seinaleztapena 173.030 euro bideratuko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!