Maider Unda, borrokalaria:
"Olinpiar Jokoetan nire helburua bete nuen, eta
nire hurrengo helburua
ama izatea zen”
Parisko Grand Prix txapelketa aukeratu du Maider Undak (Gasteiz, 1977) borroka librean goi mailako lehiara itzultzeko. Iazko abuztuaren 1ean ama izan eta gero, lehiara bueltatu da. “Olinpiar Jokoetan nire helburua lortu nuen [brontzezko domina eskuratu zuen], eta hurrengo helburua ama izatea zen”. Hasieran, ez zuen uste ama izan eta gero kirolera itzuli ahal izango zenik. “Apurka-apurka entrenatzen hasi nintzen, eta, gauzak ondo zihoazela ikusi nuenez, animatu egin nintzen txapelketetara itzultzen”.
Norgehiagokara itzultzeko Undak bere bikotearen babesa du: “Berez, goi mailan bizi garen emakumeon ondoan egoteko, bikoteak berezia izan behar du. Jakin behar du entrenatzeko deskantsatu egin behar duzula, eta hori ezin da izan zure bikotekideak ez badu laguntzen. Umea biren artean ekartzen da, eta ados egon behar dugu horretan. Baina, ordura arte zure ondoan egon bada, badaki zer den goi maila. Hori da azkenean gu betetzen gaituena, eta hori errespetatzen eta horri laguntzen jakin behar du”.
Naia Alzola, txirrindularia:
"Banekien geldiune bat egongo zela, eta ordura arteko moduan ezingo nintzela ibili kirolean”
Diman bizi da Naia Alzola (Durango, 1976), eta ume bi ditu. Urte askoan txirrindularitzan, triatloian eta eskian ibili eta gero, etenaldi bat egitea erabaki zuen ama izateko. “Argi nuen, oso gaztetatik, ama izan nahi nuela. Gainera, ikusten nuen ziklo-krosean eta triatloian nire inguruko neskei gertatzen zitzaiena. Ama izan nahi zuten, baina atzeratu egiten zuten erabaki hori, kirol arloko helmugak lortzeko. Nire buruari 30 urteko muga jarri nion ama izateko”.
Asko pentsatutako erabakia hartu zuen Alzolak. Bizitza aldaketa horretan bazekien kirol arloan eten bat izango zela. “Banekien geldiune bat egongo zela. Kirolean ezingo nintzela ibili ordura arteko moduan. Haurdunaldian beldurra nuen bizikleta gainera igotzeko; autoak gerturatzeak beldurra ematen zidan, zeozer gertatu zitekeelakoan”. Kirola egin bai, baina entrenatu ez zuen egin haurdunaldian. “Lehenengo umea eduki eta bi hilabetera korrika egitera irten nintzen. Zure gorputza hain deformatuta ikusten duzu... Negarrez bueltatu nintzen”. Lehiara itzultzea ere erabaki zuen. “Nirea gaixotasuna da. Dortsala jartzean gozatu egiten dut. Lasterketetako giroa bizi dut. Banekien motibatzeko era errazena helburutxo bat jartzea izango zela. Ingurukoek barre egiten zidaten, baina, nire burugogorkeriaren ondorioz, entrenatzen hasi nintzen”. Alzola banatuta dago, eta aitortu du familiaren babes barik ezingo litzatekeela lehiatu.
Ama perfektuaren ereduaren atzaparretatik ez da inor libratzen, ezta Alzola ere. “Titia eman behar diegu umeei, kirola egin behar dugu, argal eta guapa egon behar dugu, eta ileak depilatuta eduki behar ditugu. Irudi horretatik irteten bazara, errudun sentitzen zara. Ostiral goizean jai izan, eta, umeen jaira joan beharrean, entrenatzera bazoaz, horrela sentitzen zara. Ziklo-krosean neguan ibiltzen naiz, eta goiz batean umeak ohetik jaiki eta lasterketara joan ginen. Autora igotzean, sentsazio horregaz sartzen zara. Jendeari entzuten diot: ‘Zer beharrizan duzu honetarako?’. Horrek betetzen nau, baina gizarteari zelan azaldu horrela sentitzen naizela zoriontsu?”. Argi du gizon kirolariek aitatasuna ez dutela era horretan bizi. “Praktikoagoak dira horretarako. Gainera, gu matriarkatu batetik gatoz, eta hori igarri egiten da”.
Silvia Trigueros, korrikalaria:
"Badakigu hau hiru edo lau urteko kontua izango dela gehienez, eta aprobetxatu egin gura dugu”
Baliteke Silvia Triguerosena (Barakaldo, 1976) ezohiko kasua izatea. Mendizalea izan da beti, eta seme bi izan eta gero hasi zen mendi lasterketetan lehiatzen. “Ez nuen astirik mendira ibiltzera joateko, eta arineketan egiten hasi nintzen. Astean hiru aldiz korrika egiten nuen forma mantentzeko. Koinatuagaz mendiko lasterketa batera joan nintzen, eta, asko sufritu arren, oso gustura sentitu nintzen”. Lehiatzen daramatzan lau urteei etekin handia atera die. Besteak beste, Hiru Handiak eta Espainiako Ultra Traila irabazi ditu. Aitortzen duenez, desorduetan entrenatu ohi du umeekin egon ahal izateko.
Triguerosen senarra da bere jarraitzaile sutsuena. “Batzuetan harengatik joaten naiz lasterketa batzuetara edo besteetara. Hurrengo urteko egutegia elkarrekin egiten dugu. Ahalegina egiten dugu familia osoa joan dadin asteburua pasatzera edo oporretara, lasterketen arabera. Aitzakia ona da leku berriak ezagutzeko. Gainera, badakigu hau hiru edo lau urteko kontua izango dela gehienez, eta aprobetxatu egin gura dugu”. Bereziki gogoratzen du bere lehenengo txapela, orain hiru urte, Goierriko Bi Handietan. “Lasterketa dezente eginak neuzkan, baina lehenengo txapela izan zen. 80 kilometrotik 30 lehenengo postuan egin nituen bakarrik. Helmugara heldu nintzenean, nire umeak nigaz sartu ziren. Hunkigarria izan zen”.
Oihana Azkorbebeitia, korrikalaria:
"Korrika egitera itzultzeko bikotearen babesa izatea nahitaezkoa da, bestela, ezinezkoa litzateke”
Oihana Azkorbebeitia (Abadiño, 1981) mendi lasterketetan dabil, nahiz eta ogibidez albaitaria izan. Besteak beste, Hiru Handiak eta Sorginen lasterketa irabazi ditu. “Ez naiz kiroletik bizi, beraz, pentsatu nuen ama izan nintekeela eta baita kirolaria ere. Ondoren lehengo maila ez ematea ere ez zitzaidan inporta, ez bainaiz honetatik bizi”. Haurdun gelditu zenean, korrika egiteari utzi zion. “Egunero oinez buelta bat ematera irteten nintzen, baina arineketan ez”.
Umea eduki eta gero, kirolera bueltatzea erabaki zuen Azkorbebeitiak, baina ez lehengo beste. “Korrika egitera itzultzeko bikotearen babesa izatea nahitaezkoa da”. Denbora ahal duen moduan antolatzen du Azkorbebeitiak. “Egoera onartu beharra dago; hau da, ezin zara lehengo moduan ibili, baina egoera berri horretara moldatu zaitezke. Egin dezakeguna egiten dugu, eta ezin bada, ez da ezer gertatzen”.
Umea izan ostean –orain 19 hilabete ditu–, parte hartu zuen lehenengo lasterketa oso gogoan du abadiñarrak. “Gauza asko batu zitzaizkidan. Lo gutxi eginda, urduri, gorputza oraindik berera bueltatu barik, sentsazio arraroa izan nuen. Irteeran hasi nintzen pentsatzen ea itzuleran umea zelan egongo zen. Bularra ematean orkatilak bihurtu egiten zitzaizkidan. Artikulazio kontua izan zen. Irizpideak guztiz aldatzen dira. Badaude maila berera edo altuagora itzultzen diren pertsonak, baina norbera eta irizpideak aldatu egiten dira; dena bizi duzu beste modu batera”.