Lege hori gauzatzen bada, klubetako jardueretan parte hartzen duten pertsona edo boluntario guztiak –jokalariak, entrenatzaileak, futbol eskoletako monitoreak, hezitzaileak eta masajistak, adibidez– Gizarte Segurantzako erregimen orokorrera batu beharko dira, horren araberako lan kontratuen bidez. Laburbilduz, Ogasun Sailak uste du pertsona horiek ere kotizatu egin behar dutela. Horrek, afizionatu mailako talde askoren bideragarritasuna kolokan jarriko duela uste dute federazioek, gastuen igoera ekarriko duelako.
Erregulazio propioa
Horren aurrean, Euskadiko eta Bizkaiko federazioek oso antzekoak diren komunikatu bana argitaratu zuten eguazten goizean. Partidu guztiak bertan behera uzteko arrazoi nagusi bi dituzte. Batetik, “kirol ez-profesionaleko berezitasun guztiak aurreikusten dituen erregulazio propio eta espezifiko bat garatzea” eskatzen dute. Bestetik, kinielako diruaren banaketan, futbol profesionalagaz alderatuz gero, futbol ez-profesionala “diskrimatuta” dagoela salatu dute, eta banaketa justuagoa eskatu dute.
Futbolari “kalte handia”
Hirugarren Mailatik behera kirol horien Durangaldeko adierazgarririk nagusienak Durangoko Kulturala eta Sasikoa, eta Elorrioko Buskantza dira. Kulturaleko eta Buskantzako ordezkariak ados agertu dira presio neurriak erabiltzeagaz.
Fernan Bilbao Kulturaleko presidentearen ustez, neurriak “kalte ikaragarria” egingo dio futbol ez-profesionalari, eta kotizazioa ohiko baremoetan egiten bada, “klub asko desagertu egingo dira, argi esanda”. Horregatik, federazioen eskaeragaz bat eginda, erregulazio propio eta berezitu baten aldekoa da. Esaterako, Kulturalak oraintxe bertan dituen baliabideekin, “ezingo genuke aurrera egin”, adierazi du: “Guk orain jasotzen dugun dirua gastatu egiten dugu. Dirua lortzeko bide berriak bilatu beharko lirateke”. Baina nor dago prest horrelako ardura handi bat hartzeko? “Hurrengo batzordeari uzten zaion herentzia arriskutsua izan daiteke”.
Elorrioko Buskantzako lehen taldeko entrenatzaile Iker Saenz de la Cuestak ere uste du neurria aplikatzen bada, “klubek ezingo dituztela aurrekontuak osatu, are gutxiago krisi egoeran”. Elorrioko Buskantzak ezingo dio aurre egin, eta beste talde askok ere ez: “Areto futbolean ez dago dirurik”. Taldeak “desagertu” egingo direla uste du Saenz de La Cuestak, eta “nork osatuko du berri bat atzetik datorren kargagaz?”.