Atzoko euritearen ostean, gaur txingorra eta bihar elur arriskua

Anboto 2015ko urt. 31a, 17:03

Atzoko egoeragaz alderatuta, Errekak dezente barego datoz gaur. Ez du hainbeste euri egin, baina bai txingorra, noizerik noizera. Egunak aurrera egin ahala, tenperaturak behera egingo du eta elur arriskua handitu egingo da. Otxandioko Udalak prest du elurrari aurre egiteko protokoloa.

Trafiko Zuzendaritzak Bidezaintzako Neguko Plana aktibatu duela iragarri du sare sozialen bidez, elur kota 1.000 metrotik jaitsiko delako. Txingor ekaitzen arriskuengatik arreta handiz gidatzeko ere aholkatu du.

Euskalmet-en arabera gaur, batez ere, Araban eta Nafarroan dago elurra egiteko arriskua. Toki batzuetan 300 metrotik behera ere jaitsi daiteke. Biharko eguraldi iragarpenari buruz honakoa dio: “Negu gorriko eguna espero dugu, elurra 300-400 metrotan eta zaparradak edonon botako baititu. Egunaren lehenengo partean zaparradak erruz botako ditu, kantauri isurialdean bereziki eta noizbehinka ekaitzak joko du, txingorrarekin batera. Egunaren lehenengo partean elur-kota 300-400 metrora egongo da, ekaitz momentuetan 100-200 metrora jaitsi daitekeelarik; arratsaldetik aurrera elur-kotak gora egingo du eta gauean 500-600 metrora egongo da. Tenperatura nabarmen jaitsiko da, maximoak 2-4 graduren bueltan ibiliko dira barnealdean eta 6-8 ºC-ren inguruan kostaldean”.

Otxandioko Udalak bideak garbituko ditu

Elur arriskua dela-eta Otxandioko Udalak neurriak hartu ditu. Udaleko webgunean honakoa iragarri dute: “Udala errepide sarea garbitzeaz arduratuko da; lehentasuna bide nagusiek izango dute. Bide nagusiak garbi daudenean beste bideak garbitzeari ekingo zaio, eta hauek garbi daudela ziurtatzen denean garbituko dira oinezkoen bideak. Udala oinarrizko zerbitzuak ematen diren eraikuntza publikoen sarrerak garbitzeaz arduratuko da: anbulategia, eskola… Herritarren ardura da beraien etxe aurrea, eta etxe nahiz garajeetarako sarrerak garbitzea. Gatza udaletxe azpian egongo da, behar duenak hartzeko aukera eduki dezan”.

-       Errepideko trafiko arazoen unean uneko egoera JAKITEKO

-       Mendateen unean uneko egoera JAKITEKO

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!