Denboralea trafiko arazoak eragin ditu Durangaldean

Anboto 2015ko urt. 30a, 12:29

Zornotzan, Zubieta industriguneko sarreran urak jasotzeko kutxatila kolapsatu egin da, eta potzu handia sortu da errepidean. Durangorako noranzkoan trafikoa motel ibili da goiz osoan, eta ertzainek eta errepideko langileek trafikoa zaindu dute. Euskalmetek jakinarazi duenez, Zornotzan, Ibaizabalek maila laranja gainditu du (15:20an) eta Otxandion, Zadorrak ere bai (13:00etan). Elorrio eta Atxondo arteko Katalina bihurgunean urak errepidea hartu du.

Langileek esan dute euri asko egiten duenean sarritan gertatzen den arazoa dela.

Euriteengatik eta alerta laranja ezarrita izan du Euskalmetek. Durangaldeko ibaietan euriaren eragina nabarmena izan da. Ibaizabal ibaia gainezka egiteko zorian egon da Durango eta Iurreta arteko mugan, eta Abadiñon ere maila handia hartu du. 

Bestalde, asteburuan egitekoak ziren Eskola Kiroleko jarduera guztiak bertan behera geratu direla jakinarazi dute Bizkaiko Foru Aldunditik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!